Politika -
Gobernu bilera
Urkulluk 2014rako erronka nagusiak aurkeztuko ditu gaur
Urkullurekin batera, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Gizonezkoen eta Emakumezkoen Berdintasunerako VI. Plana aurkeztuko du gaur.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du 12:00ean, Jaurlaritzaren urteko azken bileraren ondoren. Datorren urteari begira Gobernuak dituen aurreikuspenak azalduko ditu lehendakariak eta, batez ere, gai ekonomikoak eta bizikidetzaren ingurukoak jorratuko ditu. eitb.com-ek zuzenean eskainiko du Urkulluren agerraldia.
Urkullurekin batera, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Gizonezkoen eta Emakumezkoen Berdintasunerako VI. Plana aurkeztuko du gaur. Gobernu bilerak aipatu plana onartuko du gaurko bileran.
Lehendakaritzako iturrien arabera, datorren urteari begira Jaurlaritzak dituen aurreikuspenak azalduko ditu Urkulluk. Gai ekonomikoak eta ekonomiaren balizko "hobetzea" izango ditu hizpide, besteak beste.
Bestalde, gai politikoak ere jorratuko ditu lehendakariak eta ETAko presoek asteburuan iragarritako oharrari buruz ere arituko da.