Politika -

Urte amaierako mezua

Oposizioaren aburuz, Urkulluren hitzak ez dira nahikoa

EH Bilduk bidea elkarrekin egiteko deia luzatu dio lehendakariari eta EAJk mezua babestu du. PSE-EEk, PPk eta UPyDk, berriz, lehendakariaren hitzak kritikatu dituzte.

EAJko Joseba Egibar. Argazkia: EFE
Joseba Egibar EFE
EAJko Joseba Egibar. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioko alderdiek hizpide izan dute gaur Iñigo Urkulluren urte amaierako mezua. EH Bilduk bidea elkarrekin egiteko deia luzatu dio lehendakariari eta EAJk mezua babestu du. PSE-EEk, PPk eta UPyDk, berriz, lehendakariaren hitzak kritikatu dituzte.

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak kontsentsurako deia egin du “Euskadirentzat mendekotasun gutxiago eta askatasun gehiago duen etorkizun politikoa eraikitzeko”. Betoak egin ahal izatea, ordea, ukatu du.

Egibarrek adierazi duenez, lehendakariaren mezuan “bi hitz izan ziren nagusi: itxaropena baina, konpromisoari eta akordioari lotuta”.

Zentzu horretan, “alderdi guztien konpromisoa eta esfortzua eskatzen dituzten desafioak” daudela azpimarratu du. Horien artean krisia, bakearen egonkortasuna eta elkarbizitza eta euskal herriarentzat mendekotasun gutxiago eta askatasun gehiago duen etorkizun politikoa eraikitzea.

EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak “pausoak elkarrekin” emateko deia luzatu dio Iñigo Urkulluri, “Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea errealitate izateko”.

Beitialarrangoitiaren aburuz, “Euskal Herrian hori eskatzen duen eta aldarrikapena bere egiten duen gehiengo sozial eta politikoa dago”.

Kritikak

Euskal sozialistek, berriz, lehendakariaren hitzak kritikatu dituzte. Idoia Mendiak esan duenez, “lehendakaria airean gazteluak eraikitzen ari da, bai krisiaren aurkako neurrietan, bai eta estatutuaren erreforman”. “Gobernuak ezin du arazoen notario izan, eta Urkulluren gobernua ez da eraginkorra eta ez dago bere lekuan”, gaineratu du.

PSE-EEk eta EAJk sinatutako akordioari aipamena ere egin dio Mendiak. “Akordio horrek ateak ireki dizkio 2014 urteko aurrekontuari eta urte berria galdutako urtea ez izatea ahalbidetu du, 2013a izan den moduan”, amaitu du.

PPren Bizkaiko presidenteak, Anton Damboreneak, lehendakariaren hitzaldia kritikatu du eta ondorengo eskaera egin du: “datorren urtean, Euskadi zatitzen duten proiektuei buruz hitz egin beharrean, krisialditik ateratzeko neurrien inguruan hitz egitea”.

Bakearen inguruan, Damboreneak demokraziaren oinarriak hautsi dituztenekin zorrotza izateko eskatu dio lehendakariari. “Horiei eskatu behar zaie armak uzteko. Badirudi, lehendakariak gai horri aipamena egitea ahaztu duela aurtengo mezuan”, esan du.

UPyDko Gorka Maneirok “ekarpenik gabeko” mezutzat jo du Urkulluren hitzaldia. Maneiroren aburuz, “mezuak ez die herritarrei aparteko ekarpenik egin”.

“Krisi ekonomikoaren inguruan Urkulluk esandakoak gezurrak eta faltsukeriak izateaz gain, propaganda ziren”, adierazi du Maneirok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea