Politika -
Noos auzia
Castro epaileak asteon iragarriko du infanta inputatuko duen
Hainbat hedabideren arabera, epaileak inputatzea erabaki du, eta gaur bertan egingo du iragarpena.
Erredakzioa
Jose Castro Noos auziko epaileak gaurtik aurrera iragarriko du Cristina infanta iruzur fiskala eta dirua zuritu izana egotzita inputatu edo ez.
Hain zuzen ere, Juan Carlos I.a erregearen alabak eta Iñaki Urdangarin senarrak Aizoon enpresaren bitartez Noos institutuak jasotako diru publiko irregularra desbideratu ote zuten aztertzen ari da epailea.
Abenduaren 9an, infanta inputatu behar ote duen galdetu zien Castrok aldeei, eta Manos Limpias sindikatua (herri akusazioa) baino ez zen ados agertu. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza, Estatuko Abokatutza eta Urdangarinen eta Diego Torres bazkide ohiaren (inputatuta dago) abokatuak aurka agertu ziren.
Castroren erabakia hurrengo egunetan ezagutuko da. Dena dela, hainbat hedabidek gaur filtratu dutenez, epaileak infanta inputatzea erabaki du, eta baliteke gaur bertan egitea iragarpena.
Hala egiten badu, bigarren aldia izango litzateke Espainiako erregearen alaba inputatuko lukeena. Iazko apirilaren 3an ere egin zuen, baina Palmako Auzitegiak baliogabetu egin zuen inputazioa.