Politika -
Presoen manifestazioa
Urquijok U-11ko manifestazioa salatu du Fiskaltzaren aurrean
"Azkenean egingo balute, adi egongo ginateke, biktimen duintasuna urratzen duen irain hau zigorrik gabe ez geratzeko", esan du, komunikatu batean, Gobernuak EAEn duen ordezkariak.
Erredakzioa
Carlos Urquijo Gobernuak EAEn duen ordezkariak Bilbon urtarrilaren 11rako deituta dagoen manifestazioa salatu du Auzitegi Nazionalaren Fiskaltzaren aurrean. "Azkenean egingo balute, adi egongo ginateke, biktimen duintasuna urratzen duen irain hau zigorrik gabe ez geratzeko", esan du, komunikatu batean.
"Urtero egiten duten manifestazioaz gain, eta nabaritzen ari diren tolerantziak harrotuta, jaia gehitu diote ohikoa izan den aldarrikapenari. Hiltzaileentzako askatasuna eskatzea ez da neutroa; hori egiten duena degradatzen duen eginkizuna da, eta, zalantzarik gabe, ezin da inoiz jai-giroan egin".
Gobernuaren ordezkariaren arabera, "kontakizunaren amaiera idatzita dago, dagoeneko: demokrazia terroristei gailendu zaie. Eta kontakizun hori manipulatzeko edo faltsutzeko ahaleginak ez ditugu baimenduko botere publikook eta ez ditu sinestuko gizarteak, orokorrean. Hiltzaileak -gehitu du- beti izango dira hiltzaileak, eta ohore egin dienak, biktimen memoria eta duintasuna zapaltzeaz gain, indarkeria erreferentetzat hartuko lukeen gizarte baten alde balego bezala aurkeztuko luke bere burua".
Fiskaltzari bidalitako idazkian, Gobernuaren ordezkariak esan du "Tantaz Tanta"k antolatutako ekitaldiak Terrorismoaren Biktimentzako Aitorpena eta Babes Osoko Legea, Terrorismoaren Biktimentzako Aitorpena eta Konpontzeko Eusko Jaurlaritzaren Legea urratzeko aukera dagoela. Halaber, delitua ere izan liteke, Kode Penalaren 578. artikulua, besteak beste, urratzeko aukera dagoelako.