Politika -
Katalunia
Artur Masek galdeketa 'agertoki finkoa' dela adierazi du
Kataluniako presidenteak indartsu ikusten du bere Gobernua 2014ko erronken aurrean. Bestalde, Europako Parlamentuak Kataluniako galdeketa ez dagokiola uste du, "Europako Batzordeari baitagokio".
Erredakzioa
Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak Espainiako Gobernuarekin harreman "tirabiratsuak" dituela onartu du, baina azaroaren 9an autodeterminazio kontsulta egiteko akordioa elkarrizketaren bidez hitzartzearen alde egin du.
Gobernu Jauregian eman duen prentsaurreko batean, galdeketa "agertoki finkoa" dela adierazi du, eta, katalanek bozkatu nahi dutela oso argi dutela azpimarratu eta gero, nahi demokratiko hori gauzatzea ezin dela ekidin esan du.
"Estatuak joko zelaia hauxe dela ulertzea nahiko nuke, eta Kataluniako Gobernuak elkarrizketarako duen prestasuna baliatzea, galdeketa bion artean adostuta egin dadin", erantsi du.
"Gobernua ondo ari da funtzionatzen"
Artur Masek esan duenez, ez du "epe motzean" Kataluniako Gobernuan aldaketak egiteko asmorik, "egungo baldintzetan" ondo ari baita funtzionatzen. 2014ko erronken aurrean Gobernua, "egonkor ez ezik, nahikoa indartsu ere badago eta".
Hala ere, Kataluniako Gobernuko presidenteak ez du baztertu CiUk eta ERCk hurrengo hiletan koalizioko gobernua osatzea, baina erabaki hori hartzeko "presarik eta presiorik" ez duela gaineratu du.
"Ez dut guztiz erabakita ERC Kataluniako Gobernura sartzea komeni den; beraz -utzi horrela esaten- ez dut presaz erabakiko", esan du urteko lehen gobernu bileraren ostean.
Europako Parlamentuak ez du beretzat hartzen Kataluniako galderaren afera
Europako Parlamentuko ordezkarien aburuz, Artur Masek deitu duen galdeketa ez dagokio Parlamentuari, "Espainia barruko gaia baita".
Jaume Duch Euroganberaren ordezkari katalanak Radio Euskadin esan duenez, herrialde kideen gatazka politikoetan "esku ez hartzeko printzipioa" errespetatzen du erakunde horrek: "Gai hori ez dagokio EBri. Hemen oso ondo funtzionatzen dute subsidiariotasun printzipioak eta esku ez hartzeko printzipioak. Gai batzuk EBri dagozkio eta heldu egiten zaie horiei, eta beste gai batzuk ez dagozkio EBri eta estatu kideei dagozkio. Hartara, muga hori errespetatu egiten dugu", azaldu du.
Duchen hitzetan, Artur Masek azaroaren 9rako deitu duten kontsultaren berri emateko bidali zuen gutunaren aurrean Europako Batzordeak eduki dezake zeresana, berak interpretatu behar baititu EBren itunak. "Gai horri Europako Batzordeak heldu behar dio, eta orain arte oso jarrera argia erakutsi du. Parlamentuan ez zaio gai horri heldu, eta ez du esan behar zer esaten duen itun batek edo beste batek", esan du.