Politika -
Kataluniako galdeketa
Federalismoa bultzatzeko agiria adostu dute PSOEk eta PSCk
Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanak lantzeko "elkarrizketa" martxan jartzea eskatu diete Rubalcabak eta Navarrok Rajoyri eta Masi.
Erredakzioa
Konstituzioaren erreforma federala bultzatzeko bederatzi puntuko agiri bat sinatu dute gaur Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak eta Pere Navarro PSCko buruzagiak. Granadan, uztailean, goi-bilera egin zuten bi buruzagiek, eta dokumentua zehaztu zuten.
Bi alderdietako zuzendaritzak Bartzelonan bildu dira gaur. Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanak lantzeko "elkarrizketa" martxan jartzea eskatu diete Rubalcabak eta Navarrok Mariano Rajoy eta Artur Mas presidenteei. Era berean, bakoitzaren estrategiak alde batera uztea eskatu diete.
Masek Katalunia amildegi batera eraman nahi duela salatu du Rubalcabak. Bestalde, Rajoy beste alde batera begiratzen ari dela kritikatu du PSOEko idazkari nagusiak. Bi jarrera horiek lurraldeen arteko "haustura areagotu" eta konponbiderik ekarri ez dutela esan du Rubalcabak.
Masek eta Rajoyk "estrategia okerrak" dituztela adierazi du buruzagi sozialistak, Kataluniaren egoerari irtenbiderik emango ez diotelako. Konstituzioaren erreforma berriro defendatu du, etorkizunean lurraldeen arteko tirabirarik ez izateko berme gisa.