Politika -

2013ko balantzea

Etxeratek espetxe politika aldatzeko eskatu dio Rajoyren Gobernuari

ETAko 520 kide oraindik preso daudela ohartarazi du Etxeratek: gehienak Espainia eta Frantziako 79 espetxetan daude, eta horietatik sei bakarrik, Euskal Herriko kartzeletan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteak Espainiako Gobernuari espetxe politika aldatzeko eskatu dio, ETAri eta presoei "baldintza berririk jarri gabe".

Bilbon egindako agerraldian, Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerateko ordezkariak esan du EPPKren azken oharrarekin ETAko presoek egoera desblokeatzeko "pausoak" eman dituztela, baina, Espainiako Gobernuak, berriz, "azken bi urteetan ez du ezer egin".

ETAk eta presoek "pausoak eman dituztenean" Gobernuak beti "baldintza berriak" jarri izana kritikatu du Etxeratek. "Zuzenbide-estatu batek ez ditu baldintzak jartzen oinarrizko eskubideak betetzeko", gaineratu du.

Prentsaurreko horretan, Etxeratek 2013. urteko balantzea egin du. Urte "gazi-gozoa" izan da, elkartearen esanetan, preso asko espetxetik atera diren arren, "asko" oraindik kartzelan daudelako. Izan ere, ETAko 520 kide oraindik preso daudela ohartarazi du Etxeratek: gehienak Espainia eta Frantziako 79 espetxetan daude, eta horietatik sei bakarrik, Euskal Herriko kartzeletan. Horren harian, sakabanaketarekin amaitzea "ezinbesteko urratsa" dela adierazi dute Etxerateko ordezkariek.

Jakitera eman dutenez, presoen senideak ez dira asteburu honetan bisitan joango, "Tantaz Tanta" ekimenak larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea