Politika -

Tantaz tanta

Ruz epaileak gaur erabakiko du presoen aldeko martxa debekatu edo ez

Fiskaltzak debekatzeko eskatu dio, "deialdiaren atzean" Herrira dagoela argudiatuta.

Presoen eskubideen alde duela bi urte egindako manifestazioa. Argazkia: Efe
Presoen eskubideen alde duela bi urte egindako manifestazioa.
Fiskaltzak presoen aldeko mobilizazioa debekatzeko eskatu du

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur erabakiko du Tantaz Tanta plataformak larunbaterako Bilbon presoen eskubideen alde deitu duen manifestazioa debekatu edo ez. Fiskaltzak debekatzeko eskatu zion atzo, "deialdiaren atzean Herrira dagoelako". Auzitegi Nazionalak urrian desegin zuen Herrira, ETAren mendekoa izatea leporatuta.

Carlos Bautista fiskalak salatu duenez, "ezin zaio manifestazioa egiteko baimena eman terrorista zantzuak dituen erakunde bati". Hori horrela, fiskalak ontzat jo du biktimen hiru elkartek manifestazioa debeka dezaten egindako eskaria. Fiskalaren ustez, mobilizazioa "legez kontrakoa" da, ez "helburuagatik", baizik eta "terrorista zantzuak edukitzeagatik desegin duten erakunde baten estrategiaren baitan dagoelako".

Fiskaltzak horren harian gogorarazi du aurreko urteetan ez dituztela mobilizazioak debekatu, baina "ETArekin edo bere inguruko taldeekin loturarik aurkitu ez delako" izan omen da. "Baina lotura hori aurkitu zenean, Amnistiaren Aldeko Mugimendua-Askatasunaren garaian, ekitaldiak beti debekatu izan dira", gaineratu du Bautistak.

Guardia Zibilaren txostena

Ministerio Publikoak Guardia Zibilaren txosten bat erabili du ondorio horietara iristeko. Izan ere, txosten horrek agerian uzten omen du larunbateko mobilizazioa deitu dutenen eta Herriraren arteko lotura. Hori horrela, Tantaz Tanta ekimenaren "sustatzailea eta egilea" Herrira dela azpimarratu du, eta helburua "ETAko presoen aldeko mobilizazio sozialetan ahalik eta atxikimendu gehien lortzea" dela.

Halaber, Guardia Zibilak froga gisa aurkeztutakoa aipatzen du, Facebook Interneteko sare sozialean aurkitutakoa. Bertan, Herrirak Tantaz Tanta ekimenaren kartelak jaso omen ditu, eta hori bi taldeen arteko lotura argia omen da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea