Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Izagirrek 'garrantzi handia' eman dio Donostian lortutako akordioari

EAJk, PSE-EEk eta Bilduk EPPKren abokatuen atxiloketak salatzeko lortutako adostasunaren balioa nabarmendu du Donostiako alkateak.

Donostiako adierazpenaren balioa nabarmendu du Izagirrek. EiTB
Juan Karlos Izagirre
Donostiako adierazpenaren balioa nabarmendu du Izagirrek. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkateak "garrantzi handia" eman dio atzokoan Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordean EAJk, PSE-EEk eta Bilduk lortutako akordioa EPPK kolektiboaren abokatuen kontrako operazioa gaitzesteko. Herriraren kontrako polizia operazioa egin zenean ere, antzeko testua adostu zutela gogorarazi du.

Adostasun horrek "garrantzi handia" duela nabarmendu du Izagirrek Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean. Polizia operazioa "egungo testuinguru politikoarentzat oztopo" dela dio hiru alderdi horiek adostutako adierazpenak.

"Gogorarazi behar dut Herrirarena gertatu zenean ere antzeko testua atera genuela aurrera (Bildu, EAJ eta PSE-EE). Udalek asko dugu egiteko bakearen eraikuntzan, eta askotan, besteek zer egiten duten itxaron gabe, errealitate bat dago herri bakoitzean, eta akordioa bilatu behar dugu", esan du.

Guardia Zibilak egindako atxiloketen aurrean "gehiengoaren sentsazioa da bakearen kontrako zerbait egin dela", esan du Izagirrek. "Ildo horretan, indar politikoek komunean duguna bilatu behar dugu, horren alde egin behar dugu lan. Gu prest gaude eta egunez egun ari gara. Hauxe beste adibide bat baino ez da", erantsi du.

"Testua prestatu dugu eta argi geratu da hiru indar politikoek ez dutela begi onez ikusi gertatutakoa, egungo testuinguruan oztopoa dela eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatu behar direla", agertu du.

'Bakea, herritarren artean eraikitzen da'

Horrez gain, honakoa azpimarratu du Izagirrek: "Bakea herritar guztien artean eraikitzen da, batzuek bakea nahi ez duten arren eta beste egoera batean erosoago dauden arren. Bakoitzak bere alorrean egin behar du lan: langileak euren enpresan edo lantegian; ikasleek euren eskoletan edo unibertsitatean...".

"Asko egin dezake bakoitzak elkarbizitzaren eta normalizazioaren alde, besteek zer egin behar duten itxaron gabe. Asko arduratzen naute atxiloketek, eta gehiago arduratuko nintzateke maila beheragoetan hitz egiteko eta ezberdinen artean adostasuna lortzeko kapaz ez bagara", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea