Politika -

Bilboko manifestazioa

Tantaz Tantak amaitutzat eman du ekimena

Amets Martinez dinamikako bozeramaileak iritzi artikulua kaleratu du hainbat komunikabidetan. Ekimena amaitutzak eman du “helburuak lortu dituela uste” baitu.

Tantaz Tantak Durango egindako ekimena. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Tantaz Tanta Durango EFE
Tantaz Tantak Durango egindako ekimena. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

‘Tantaz Tanta’k amaitutzat eman du ekimena, Bilboko manifestazioaren ondoren “helburuak lortu dituela uste” baitu. Larunbaterako Tantaz Tanta ekimenak deituta zituen mobilizazioak bertan behera utzi zituen Auzitegi Nazionalak eta manifestazio berri bat deitu zuen hainbat alderdi politiko eta sindikatuk.

Amets Martinez dinamikako bozeramaileak “Itsaso honentzat ez dago aterik” iritzi artikulua kaleratu du hainbat komunikabidetan.

Martinezek testuan jasotzen duenez, “argi utzi zen Bilboko kaleak tantaz betetzea ezin zuela inork saihestu”.

Ekimenak ezarritako muga “hatz puntekin ukitzen ari” direla uste du Martinezek: “presoen sakabanaketa amaitzea eta preso politikoen aberriratzea” eta “larrialdia bertan dago”.

“Mobilizaziorako kontzeptu asko berrasmatzeko unea iritsi” dela idatzi du iritzi artikuluan eta “positiboki” lan egiteko deia luzatu du. “Ez goaz inoren aurka, gehiengo sozialak pentsatzen duenaren alde gaude”, gaineratu du.

Tantaz Tantako ordezkariaren aburuz, “dinamikak bere helburuak lortu ditu eta zuhurrena ekimena amitutzat ematea da”. “Sekula ez dugu beste inoren lekua hartu nahi izan. Ez dugu nahi izan eskura datorren mugimendu bihurtu ere. Behar genuen une batean bultzakada izan gara, eta lanerako filosofia berri bat jarri dugu mahaiaren gainean”, zehaztu du.

“Orain herri honetako tanta guztioi dagokigu pentsatzea nola antolatuko garen, zer egingo dugun elkar ilusionatzen jarraitzeko, zer egin dezakegun egoera hobetzeko herri eta sektore sozial bakoitzean”, azpimarratu du idatzian.

Martinezen aburuz, “larunbateko manifestazioa herritarren garaipena izan da. Gauzak aldatzen hasteko protagonista bihurtzea erabaki zuen jendeak”. “Asmatu egin dugu ez geldirik geratzen bake prozesuaren blokeoaren aurrean eta zerbait berria eragin dugu”, esan du.

Tantaz Tanta dinamikatik “garrantzitsuena ez zen manifestazioa, ez logotipoa, ezta ekimena bultzatu dugun pertsonak ere. Helburua lan egiteko beste filosofia bat zabaltzea zen”, dio Martinezek. Era berean, atsekabea agertu du “Bilbon itsasoa ez egin izanagatik”.

Amets Martinezek dionez, “aktibazioa soziala da giltza”. “ Une honetan herritarrak gara egoera desblokea dezakegunak, gehiengo batek atxikiz elkarbizitzarako oinarrizko printzipio batzuk”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea