Politika -
Europar Batzordea
Usteleriak erakundeen sinesgarritasunari kalte egiten dio, EBren ustez
Ustelkeriaren aurkako Estatu Taldeak (Greco) bere azken txostena aurkeztu du gaur, eta Espainian gero eta ustelkeria kasu gehiago atzeman direla ohartarazi du bertan.
Erredakzioa
Ustelkeriak Espainiako erakundeen sinesgarritasunari kalte egiten dio, Europako Batzordearen txosten baten arabera. Erakundeetako ordezkarientzat kode etiko bat onartzea eta epaileen eta fiskalen independentzia indartzea gomendatu diete adituek Espainiako erakundeei.
Ustelkeriaren aurkako Estatu Taldeak (Greco) bere azken txostena aurkeztu du gaur, eta Espainian gero eta ustelkeria kasu gehiago atzeman direla ohartarazi du bertan.
Kasu horiek zeintzuk diren ez du txostenean aipatu, baina Grecok azpimarratu du Espainiako "ordezkari politiko, funtzionario edota enpresaburu asko" ustelkeria kasuetan nahasita egon direla.
Horrez gain, krisi ekonomikoak herritarren "mesfidantza eta ilusio falta" handitu dituela nabarmendu du, eta, ondorioz, "gaur egun ordezkari politikoek eta alderdiek konfiantza maila baxuegia dute".
Dokumentuan, adituek hainbat gomendio egiten dizkiete Espainiako erakundeei; besteak beste, politikarientzat kode etiko bat adostea.
Txostenean gogoratu dutenez, 2008. urtean Espainia ustelkeria kasu gutxien zuten 20 herrialdeetako bat zen, baina, iaz, ustelkeria kasu gehien duten herrialdeen zerrendan 30. postuan kokatu da. Egindako gomendioei erantzuteko, Espainiak 2015. urteko ekaina baino lehen txosten bat aurkeztuko du, epe honetan adostutako neurriak azalduz.