Politika -

Presoak

'Senide izatea delitu ez bilakatzeko babesa' eskatu du Etxeratek

Presoen senideek pairatzen duten "kriminalizazioa" salatu, eta bere lan "publiko eta irekiari" eutsiko diola berretsi du.

Etxerateko bozeramaileak, beste prentsaurreko batean.
Etxerat
Etxerateko bozeramaileak, beste prentsaurreko batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat presoen senideen elkarteak "babesa" eskatu diete gaur "Euskal Herriko agente politiko, sindikal eta sozialei" senideek pairatzen duten "kriminalizazio, jazarpen eta erasoei" aurre egiteko eta "senide izatea delitu ez bilakatzeko".

Nagore Lopez de Luzuriaga eta Urtzi Errazkin bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute Donostiako Antiguo auzoko frontoian. Bertan, EPPKren bitartekarien kontra Guardia Zibilak egindako operazioan atxilotutako zortzi lagunei elkartasuna agertu diete.

Lopez de Luzuriaga bera "polizia operazioaren jomuga" izan zela salatu dute bertan, Guardia Zibilak Gasteizko Etxeraten bulegoa miatzeko saiakera egin omen zuelako. Epaileak, baina, ez zuen azkenean arakatzeko baimenik eman.

"Ez ditugu akusazioak, inputazioak eta atxiloketak justifikatzea beste asmo ez duten kriminalizazio saiakera horiek onartzen", agertu du Lopez de Luzuriagak. "Erasoak eraso", euren lanari "modu ireki eta publikoan" eutsiko diotela berretsi dute.

"Egungo espetxe politika eta presoen zein haien senitartekoen eskubideen urraketa berehala bertan behera" uzteko deia egin dute Etxerateko kideek. Hain justu, "erasoen" aurrean, babesa eskatu diote euskal gizarteari: "Denek ezagutzen dute gure lanaren legitimotasuna eta helburuak. Hala, denei, euskal gizarte osoari, babesa eskatzen diogu, senitarteko izatea delitu bilakatu ez dadin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea