Politika -
Lemoa
Lemoako alkate ohia prebarikazio delitu batengatik absolbitu dute
Gertaerak 2010ean izan ziren. Lemoako Udalak aldi baterako herri-lanetako peoiak kontratatzeko lan-poltsa sortu eta ez zituen oinarriak Bizkaiko Buletin Ofizialean argitaratu.
Erredakzioa
Bilboko Zigor-Arloko 3 zk.ko Epaitegiak Javier Beobide Lemoako alkate ohia prebarikazio delitu batengatik absolbitu du. Epaiaren arabera, Udalek ez daukate lan-kontratu ez iraunkorren deialdiak Bizkaiko Buletin Ofizialen argitaratu beharrik.
Ministerio Fiskalaren argudioak atzera bota ditu epaiak. Fiskaltzak bederatzi urteko desgaikuntza eta 60.000 euroko kalte-ordaina eskatu zuen alkate ohiarentzat. Elizondo Lagunak bizilagun elkarteak aurkeztu zuen Beobideren aurkako salaketa.
Gertaerak 2010ean izan ziren, Lemoako Udalak aldi baterako herri-lanetako peoiak kontratatzeko lan-poltsa sortu zuenean.
Deialdiaren oinarriak Lemoako atari digitalean eta udaletxeko eta auzoetako iragarki-oholetan argitaratu zituen Udalak. Deialdia ez zen Bizkaiko Buletin Ofizialean argitaratu.
Epaileak zehaztu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan aldi baterako langileen kontratazioak Euskal Funtzio Publikoaren Legea jarraitu behar du. Horretan jasotzen denez, horrelako kontratazioak arauzko prozedurak jarraitu behar ditu eta ondorengo oinarriak aintzat hartu: berdintasuna, argitalpena, merituak eta ahalmenak eta arintasuna.
“Araurik ez egotean arauzko oinarriak aintzat hartzeko jarraitu beharreko prozedura jakiterik ez dago, eta beraz, kasuistika aldakorra da”, zehaztu du epaileak.