Politika -

'Closer' aldizkaria

2011. urtean hasi zen Hollande eta Gayeten arteko harremana

Gayeten Parisko etxebizitzan hainbat hitzordu egin dituztela adierazi du Closer aldizkariak, baina, 2013ko ekainean, etxe bat aurkitu zuten Cirque kalean, Eliseotik gertu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollande eta Julie Gayeten arteko harremana 2011. urtean hasi zela argitaratu du gaur Closer aldizkariak, iragan astean Frantziako presidentearen eta aktorearen argazkiak zabaldu zituen hedabide berberak.

Harremana hasi zutenean, Frantziako Alderdi Sozialistaren hautagaia zen Hollande. Iturri beraren arabera, bikotea hainbat tokitan izan da azken urte hauetan. 2012ko hauteskundeak egin ondoren, aktorearen bulegotik gertu dagoen lokal bat erabili zuten elkarrekin egoteko, baina, bertako atezaina argazkiak egiten saiatu zela ikusita, tokiz aldatzea erabaki zuten.

Gayeten Parisko etxebizitzan ere hainbat hitzordu egin dituztela adierazi du Closer aldizkariak, baina, 2013ko ekainean, etxe bat aurkitu zuten Cirque kalean, Eliseotik gertu. Izan ere, bertan egin dira aldizkariak argitaratu dituen argazkiak. Hedabide horren arabera, iragan udan Greziara ez joatea erabaki zuen Hollandek (Valerie Trierweiler, bere bikotekide ofiziala, bertan zegoen), Julie Gayet aktorearekin Tullera joateko.

Aktorearen familiak Hollande ezagutzen du dagoeneko, eta, Closer aldizkariak gaur argitaratutakoaren arabera, Gabonetan lau egunetan izan ziren elkarrekin Cirque kaleko etxebizitzan.

Aldizkariak onartu egin du aktorearen salaketa jaso duela. Gayetek 54.000 euro eskatu dizkio, kalte-ordain gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea