Politika -
Barne Ministerioa
Fernandez Diazek ezker abertzaleari: 'Legezkotasuna ez da inpunitatea'
Barne ministroak jakinarazi du Gobernuak ezker abertzalea legez kanpo uzteko lan egingo duela, ETAko preso ohiak bere baitan hartzen baditu.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ezker abertzaleko alderdiei ohartarazi dienez, "legezkotasuna ez da inpunitatea", eta, ETAko preso ohiak bere baitan hartzen baditu, Gobernuak legez kanpo uzteko lan egingo duela gaineratu du.
Bartzelonan Poliziako bost komisario berri izendatzeko ekitaldian egin ditu adierazpen horiek ministroak, ETAko hainbat preso ohi, La Razón egunkariaren arabera, Bildun, Sortun edo Amaiurren sartzea aztertzen ari direla eta, horretaz galdetuta.
Ministroak esan duenez, preso ohi horiek "pertsona askeak dira, legediaren arabera", eta ezin zaie Bildun edo Sortun sartzea galarazi, Auzitegi Konstituzionalak legezkotzat hartu zituelako.
"Legezkotasuna ez da inpunitatea", Fernandez Diazen arabera, eta alderdi politiko horien jarduerak "berehala legez kanpo uzteko gertakariren bat" ekar lezakeela gaineratu du.
Ministroaren esanetan, ETAko preso ohiak hartzen badituzte, "legediaren arabera aritzeko izan behar da", kontrakoa gertatuko balitz, Alderdien Legea "sendo" aplikatu eta legez kanpo utziko dituztela ohartarazi du.
Gara egunkarian asteburuan argitaratutako albiste baten arabera, ETAk armak uzteko konpromisoa berretsi izanaz galdetuta, berriz, Gobernuak espero duen agiri bakarra "baldintzarik gabe desegitea" iragarriko duena dela esan du ministroak.
Fernandez Diazen aburuz, ETAk "ez du desegiteko asmorik", eta "aktore politiko gisa betikotu" nahi du, baina, ministroaren esanetan, hori "onartezina" da.