Politika -

Elkarrizketa

Rajoyk ez du espetxe politika aldatzeko 'arrazoirik' ikusten

Kataluniako independentzia eragozteko egitasmo bat duela ziurtatu du Gobernuko presidenteak. "Espainiako lurralde baten independentziarik ez da izango", bermatu du.

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Antena 3 telebistan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Antena 3 telebistan. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea Antena 3 telebistan. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erakunde terrorista den bitartean bere erantzukizuna "ETAren aurka" egitea dela ziurtatu du gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Horregatik, espetxe politika aldatzeko "arrazoirik" ikusten ez duela esan du Rajoyk.

Agintaria Antena 3 telebistan elkarrizketatu dute. 'Parot doktrina'rekin bukatu zuen Europako epaia gustatu ez zitzaiola errepikatu du Rajoyk, baina legea bete behar dutela erantsi du. Horregatik, legea aplikatzeagatik epaileak kritikatzea bidezkoa ez dela uste du buruzagiak.

Bake-prozesua aurrera egin ezean indarkeria itzultzeko beldur duen galdetu diote. "Oxala ez", adierazi du Rajoyk, baina Estatuak "ezin du inoren xantaia onartu", ohartarazi du.

Katalunia

Bestalde, Kataluniako independentzia eragozteko egitasmo bat duela ziurtatu du Gobernuko presidenteak. Estatua edozein agertokiri aurre egiteko prest dagoela bermatu du. Bera presidente den bitartean "Espainiako lurralde baten independentziarik ez da izango", adierazi du.

Langabezia

Datozen bi urteetan 632.000 herritar langabezia zerrendetatik ateratzea espero du Rajoyk, legealdia langabe gutxiagorekin amaitzeko. "Lor dezakegula, seguru nago", esan du.

Bestalde, Cristina infanta errugabea dela uste du Rajoyk. Horrela, eskubide dinastikoei uko egin behar ez diela gaineratu du. "Gauzak ongi aterako zaizkiola guztiz seguru nago", esan du agintariak.

Gainera, Javier Lacalle Burgoseko alkatearen erabakia "errespetatzen" duela adierazi du Rajoyk. Gamonal auzoan bulebarra eraikitzeari utzi dio jendearen iritzia "aztertu" ostean, presidentearen hitzetan. Zentzu horretan, alderdian inork alkatearen "dimisioa eskatu duenik" ukatu du.

Azkenik, abortuaren legea erreformatzeko akordio bat bilatzeko borondatea azaldu du, baina Auzitegi Konstituzionalak ezarritako mugen barruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea