Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Carpalsoro: 'Presoek errukia adierazi eta barkamena eskatu behar dute'
Bestalde, Cabacas auzia ez duela zergatik Ertzaintzaren irudia zikindu behar adierazi du Fiskal Nagusiak. Jarduera "okerra" izan zela onartu du, baina horrek "ez du esan nahi deliturik egin zutenik".
Erredakzioa
Juan Calparsoro EAEko Fiskal Nagusiak ETAko presoei “errukia” adierazteko eta biktimei zintzotasunez “barkamena eskatzeko” eskatu die. Horrez gain. ‘Langraitz Bidea’ren alde agertu da, presoen gizarteratzea eta “gizarte justuago bat lortzeko”
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, egungo Espetxe Legeak “gradu eta aukera” batzuk aurreikusi egiten dituela gogoratu du eta, izatez, espetxe politikaren inguruko erabakiak Espainiako Gobernuari eta kontrol judizialari dagozkiola azpimarratu du.
Calparsororen hitzetan, presoak Euskal Herrira hurbiltzea "posible da" egun indarrean dagoen legediarekin, baita presoen graduak aldatzea ere. Modu horretan, posible litzateke preso bat lehen gradutik bigarrenera pasatzea, abantaila gehiago lortuz.
Hala ere, egoera hori lortzeko, presoek abantaila horiek eskatu egin behar dituztela nabarmendu du Calparsorok. “Orain arte, ETA beraren preso izan dira; ETAk ez die bilakaera egiten utzi, eta oso egoera gogorra bizi izan dute”, esan du.
Hala ere, EPPKk Espetxe Legea norabide horretan aplikatzea eskatuko duela uste du Fiskal Nagusiak.
Espainiako Espetxe Legea “oso ona” dela adierazi du Calparosok, eta Estatutik kanpo ere “begi onez” ikusten dela gaineratu du. “Ez da beharrezkoa legea aldatzea”.
Cabacas auzia
Bestalde, Cabacas auziak ez duela zergatik Ertzaintzaren irudia zikindu behar adierazi du Calparsorok. Zehaztu duenez, polizien jarduera “okerra” izan zen, baina, nabarmendu duenez, seguruena da deliturik ez zutela egin.
“Jarduera okerra izan zitekeen, baina horrek ez du esan nahi deliturik egin zutenik”.