Politika -

Kataluniako kontsulta

Espainiako Gobernuak hilabete du eskumen eskaerari betoa jartzeko

Denbora hori igarota, Kataluniako Parlamentuak onartutako eskaera osoko bilkuran eztabaidatu beharko litzateke. Galdeketaren aldeko alderdiek udaberrian nahiko lukete egin.

Urtarrilaren 16an egin zuen eskaera Parlamentak. EFE
Kataluniako Parlamentua
Urtarrilaren 16an egin zuen eskaera Parlamentak. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik hasita, Espainiako Gobernuak hilabeteko epea du Kataluniako Parlamentuak galdeketa egiteko eskuduntza bere esku uzteko egindako eskaera onartzeko edo betoa ezartzeko. Lege proposamena gaur kaleratu dute Gorteetako buletinean, eta, hortik hasita, 30 eguneko epea dago.

Joan den asteartean Kongresuko Mahaiaren oniritzia jaso zuen, eta izapide parlamentarioa abiatu zen, horrenbestez.

Eskaerak "diru-sarreretan beherakada edo aurrekontu kredituen hazkundea" eragingo lukeela argudiatu lezake Espainiako Gobernuak eskaerari betoa ezartzeko, baina salbuespen argudio gisa erabili izan da; hortaz, ez da espero Gobernuak izapideari balazta ipintzea.

Espainiako Gobernuak betoa jar lezakeela aurreikusita, baina, Kataluniako Gobernuak erreferenduma finantzatzeko aparteko partida sartu du 2014ko aurrekontuetan.

Bi bide eztabaida parlamentarioa lehenbailehen izateko

Hilabeteko epean Gobernuak ezezkorik esango ez balu, osoko bilkura egiteko izapideak abiatuko lirateke. Eztabaida hori noiz egin, hortxe dago koska. Izan ere, beste autonomia erkidegoetako parlamentuek egindako lege proposamenak dituzte aurretik eztabaidatzeko, eta baliteke Kataluniakoa ekainera edo irailera atzeratzea.

Kongresuko iturrien arabera, baliteke zain dauden proposamen horietako batzuk atzeratzea, Kataluniako erreferendumari buruzkoa udaberrian egiteko.

Hori gertatuko ez balitz, eztabaida ez atzeratzeko 'B plana' dute kontsulta babesten duten alderdiek (CiU, ICV eta ERC). Hala, Kataluniako Parlamentuak onartutako eskumen eskaeraren antzeko lege proposamen bat aurkeztuko dute 15 diputatuk (kopuru hori eskatzen du araudiak).

Dena dela, eztabaida aurreratzeko darabilten estrategia bata edo bestea izan, litekeena da Kongresuak eskumen eskaera atzera botatzea, Alderdi Popularraren, PSOEren, UPyDren eta Talde Mistoko diputatu ez nazionalisten kontrako botoekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea