Politika -
Adierazpenak
Susana Diaz: 'Patxi Lopez berak nahi duena izango da'
Andaluziako Gobernuaren presidenteak esan du Donostian, halaber, Mariano Rajoy ez dela zuzentzen ari “Espainiako guztien proiektua” Katalunian dagoen “gatazka oso larrian”.
Erredakzioa
Susana Diaz Andaluziako Gobernuaren presidenteak esan du larunbat honetan, PSOEren primarioen inguruan, Patxi Lopez PSEreb idazkari nagusiak "berak nahi duena" izango dela. Halaber, Diazek (bere alderdiak Andaluzian duen liderra da) uste du Mariano Rajoy ez dela zuzentzen ari "Espainiako guztien proiektua" Katalunian dagoen "gatazka oso larrian". PPren eta independentismoaren arteko eztabaidan, elkarrizketaren alde egin du berak.
Diazek Ramon Rubial Fundazioak abiatutako "Reflexiones de futuro" zikloko hirugarren jardunaldian hartu du parte, eta hor nabarmendu du Patxi Lopez "gorputz eta arima lanean aritzen den" eta "adore handia duen" alderdikidea dela. PSEren idazkari nagusiak, bere aldetik, Diazen hitzaldia aurkeztu du, eta esan du bere erabateko lehentasuna Euskadik duela, eta ez dela milimetro bat ere ez desbideratuko bertan duen agendatik.
Diazen ustez, garrantzitsuena PSOE "modernoa", "ustelkeriarekin oso zorrotza" eta "hiritarrekin bat egiten duena" izatea da; horretarako primarioak "lagungarriak" dira, onartu duenez, baina ez dira "panazea". PSEren kideen adorea azpimarratu ostean, Diazek PSOEk egun bizi duen garaiaren garrantzia azpimarratu du: izan ere, bere iritziz, hitzaldi politikoan "autokritika" egin zuen, eta orain hitzaldi horrek etorkizuna markatu behar du, "sozialismo moderno" batekin, "hori behar duen gizarteari, ezkerretako proiektua eskaini behar dion socialismo batekin". Bere esanetan, Estatua krisialdian dago, bai ekonomia arloan, baita erakunde-arloan baita lurralde-arloan ere.
Kataluniako eztabaidaren inguruan, Gobernuak, esan du, "inori kontatzen ez dion plana" du, eta Artur Mas Generalitateko presidenteak "badaki ezin duela erreferenduma egin, baina bere horretan jarraitzen du".
Ez dago ados balantza fiskalen metodologiaren formula berriarekin
Susana Diaz ez dago ados Cristobal Montoro Ogasun Ministroak azaldutako balantza fiskalen metodologiaren formula berriarekin. Bere ustez, balantza fiskalak aldatzeak (lurralde bakoitzeko bizilagunek jasoko dituzten zerbitzu publikoak finantzatzeko aldeak kalkulatzen dituzte balantza horiek) "lurraldeak aurrez aurre ipiniko ditu, liskarrak sortuko ditu".
Zenbait adituk osatutako talde batek aurkeztuko du formula berri hori; izan ere, balantza fiskalak, hemendik aurrera, "lurraldez lurraldeko kontu publikoak" izango dira. Montorok, ostiral honetan, Kataluniako PPren konbentzioan zehar azaldu zuen.
PSE-EEk eta Ramon Rubial Fundazioak antolatuta dauden eta Donostiako Kursaal Jauregian egingo dituzten jardunaldietan parte hartu aurretik, Diazek nabarmendu du balantza fiskaletako aldaketa horren helburua "lurraldeak aurrez aurre jartzea" da. Bere iritziz, hori da gertatuko dena, eta, hortaz, errefusatu egin du.
"Une honetan herrialde honek -Estatuak- behar duena elkarrizketa eta akordioa da, ez lurraldeen arteko liskarrak sortuko dituen baliabideak jartzea". Bere esanetan, "finantzatzeko ereduaren inguruko eztabaida baten atarian gaude; guztiok gaude interesatuta horretan eta guztiok dugu asko jokoan".