Politika -
Epaiketa Parisen
Frantziak 8 eta 6 urteko zigorrak ezarri dizkie ETAko hiru kideri
Parisko Zentzategi Auzitegiak ETAren zuloak kudeatzeagatik eta leherkariak sortzeagatik zigortu ditu hiru akusatuak.
Erredakzioa
Frantziak zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri die Aitzol Etxabururi eta Alberto Machaini, eta sei urtekoa Andoni Sarasolari. 2009ko abuztuan atxilotu zituzten arte, ETAren zuloak kudeatzea eta leherkariak eraikitzea egotzi die epaileak.
Kondena amaitzean, atxilotuak Frantziatik behin-betiko kaleratzeko agindua eman du Parisko Zentzategi Auzitegiak. Efe agentziaren arabera, Espainiara itzuli beharko dute, Justiziarekin kontuak argitzeko.
Gainera, Etxaburuk (34 urte), Machainek (32 urte) eta Sarasolak (41 urte) boluntarioki 2.500 euro ordaindu beharko dizkiote, kalte-ordain gisa, autoa lapurtu zioten pertsona bati.
Epaia irakurri ostean, jendarmeek atxilotuak gelatik ateratzean, "presoak kalera" eta "amnistia" oihu egin dute epaiketa ikusten zeuden hogeita hamar bat pertsonak. Etxaburuk, gainera, "faxista" deitu die epaileei.
Benjamin Chambre fiskalak eskatutako zigorra ezarri die epaileak akusatuei. Fiskalaren arabera, egotzi zizkieten ekintzek, hau da, zuloen kudeaketak eta leherkarien eraikuntzak, "muturreko larritasuna" zuten.
Akusatuak 2009ko abuztuaren 19an atxilotu zituzten, Frantziako Alpeetako Villarembert eski estazioko etxe batean. Ikerketa batek bi hilabete lehenago atzeman zituen Etxaburu, Machain eta Sarasola, eta uda amaieran, Frantzia hegoaldean, 13 zulo aurkitu zituzten.
Chambrek azaldu duenez, operazio hori "berebizikoa" izan zen erakundearen gaitasunak eteteko. Haren arabera, "hilzorian" dago ETA, baina horrek ezin du "izua" ekidin.
Ministerio Publikoaren aburuz, 2008 eta 2009 urteetan, hiru akusatuek ETAren aparatu militarraren egitura logistikoan parte hartzen zutela jakin zenean, haien ekintzek Espainian atentatuak egiteko aukera ematen zieten erakundeko gainontzeko kideei. Garai horretan, leherkariak medio, 40 atentatu inguru izan ziren Estatuan, eta bederatzi pertsona hil eta dozenaka zauritu ziren.
19 leherkari muntatzeko eragingailuak, 52 detonagailu eta leherkari, arma eta beste hainbat elementuren ezkutalekuetarako inbentarioak topatu zituen Poliziak Villaremberten.