Politika -
Donostiako udalbatza
Usandizagak 'anormal' deitu dio alkateari, saioaren iraupenaz kexu
Udalbatza 13:00etan hasi da, eta litekeena da ''15 bat orduz'' luzatzea. Besteak beste, joan den abenduan bertan behera geratutako saioaren ondorioz luzatuko da ostegun honetakoa.
Erredakzioa
Maria Jose Usandizaga Donostiako Udaleko PPko zinegotzia ostegun honetako udalbatzaren luzapenaz kexatu eta ''anormal'' deitu dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari.
Gaurko saioa 13:00etan hasi da eta, Usandizagak salatu duenez, baliteke ''15 bat orduz'' luzatzea, joan den abenduko bilkura bertan behera geratu ondoren.
Izan ere, Aldundiak Igeldoren inguruan hartuta erabakia auzitegietara eramateko asmoz oposizioak proposamena adostu zuen, eta proposamen hori saio hartan jorratu nahi zuen. Izagirrek, ordea, ez zuen onartu egineko gaietan sartzea eta, ondorioz, PP, EAJ eta PSE-EEko zinegotziek alde egin zuten. Beraz, bertan behera geratu zen saioa.
''Lotsa ematen dit Donostiako herritarrek udalbatza goizeko ordu txikiak arte bilduta ikustea, daukagun alkateari hala gustatzen zaiolako; daukagun alkateak hala nahi duelako'', esan du. ''Hiri honetan daukagun alkatearen anormalitatea da''.
"Gaur hemen 27 anormal gaude, eta hiri honen jardunaren erantzule gara, batzuk beste batzuk baino gehiago'', adierazi du.
Usandizagak azpimarratu duenez, ''demokraziaren urte guztietan ez da egon inongo instituziorik goizeko ordu txikietan bilduta dagoenik; Diputatuen Kongresua bakarrik dut gogoan, eta bertan Tejero zegoelako zen, pistola eskuan.''
''Hemen ez dugu pistola eskuan, baina 27 anormal gaude, anormal bat buru'', esan du.
PPko ordezkariaren uztez, udal-taldeei ''hausnarketa'' egin bera dute, ''23:00etan dagoeneko ez garelako erabakitzeko gai''.
''Baliteke uhartea ere saltzea'', gaineratu du ironikoki.