Politika -
Kale-indarkeria
Ezezagunek 16 pneumatiko erre dituzte Abadiño-Elorrio errepidean
Erasotzaile taldeak gurpilei su eman die eta errepidean gurutzatu ditu 20:30 aldera bi noranzkoetan, Muntsaratzen.
Erredakzioa
Ezezagunen talde batek BI-636 errepidea itxi du gauean. Errepideak Abadiño eta Elorrio (Bizkaia) lotzen ditu. Erasotzaileek zenbait pneumatiko erre dituzte errepidean.
Gertakaria 20:30 aldera jazo da Muntsaratzen, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Ezezagunek 16 pneumatikori su eman diete eta errepidean gurutzatu dituzte bi noranzkoetan.
Ertzaintza bertaratu da, baina errepidetik zihoazen gidariek pneumatikoak kendu dituzte, iturrien arabera.
Errepidea itxita egon da zenbait minututan, baina suhiltzaileek ez dute esku hartu behar izan. Momentuz erasoaren egileak nortzuk diren ez dakite eta ez dute arrazoien berririk.
Gertakaria Elorriotik gertu jazo da. Arkaitz Bellon 36 urteko presoa bertakoa zen. Presoa asteazkenean hil zen Cadizeko Puerto I espetxean. Zigorra kale-indarkeriagatik betetzen ari zen.