Politika -
Agiria
'Arkaitz estatuen estrategiaren ondorioz hil' dela salatu du EPPKk
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Arkaitz Bellonen ibilbidea goratu eta lagun eta senideei "doluminik sentituena" helarazi die eta Bellonen "galeraren mina partekatzen" dutela adierazi dute.
Erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) zabaldu duenez, Arkaitz Bellonen heriotza "estatuek ongi diseinatu duten estrategia politiko eta errepresiboaren ondorio zuzena izan da".
Berria-ri bidalitako ohar baten bidez, EPPK Arkaitz Belloni zuzendu zaio, "Borroka eremu dugun espetxean izan zaitugu kide eta bidaia lagun. Hil dizkiguten beste kideen galeraren mina konpartitu izan dugu. Oraingo honetan zure galeraren mina partekatzen dugu gainontzeko kideon artean".
Euskal presoak «hamarkadetako ibilbide politiko baten oinordekoak», direla nabarmentzen du EPPKk, eta ibilbide horri begiratu bat ematen dio hurrena. «Hamaika zauri, hamaika heriotza, hamaika malko eta baita hamaika itxialdi, gose egarri-greba, planto eta borroka molde ezberdin. Gure herriaren askatasun grinari hauspoa emanez, kanpoan ginen bezain militante».
Gainera, mezu bat bidali nahi izan die "gatazka betiko nahi duten horiei: Guk erabakia hartua dugu, Euskal Herriak askatasuna behar du, bide horretan gure posizio politikoan berresten gara, eta egungoari ere borroka jarrera batekin erantzungo diogu".
Manifestazio jendetsua Elorrion
Elorrioko plazatik 17:45ean abiatu zen atzo, larunbata, manifestazioa. Jendetza batu zen Arkaitz Bellonen sorterrian, sakabanaketa politika salatzeko. Manifestazioaren buruan, Arkaitzen bi lagun, preso zendu berriaren argazki handi bat eskutan. Atzetik, ikurriña handi bat eta manifestazioaren pankarta eraman zuten senide eta lagunek, "Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa politika amaitu" lelopean.
Elorrioko kaleak zeharkatu ondoren, txalo eta oihu artean, plazan amaitu da manifestazioa. Han, Bellonen bi adiskidek agiria irakurri zuten: "Arkaitz, azkena izan behar duzu. Zure heriotza, eta esango dute nahi dutena, ez da batere naturala; menduzko kartzela politika ez baita batere naturala. Kartzela politika ankerrak hil zaitu. Bai Arkaitz, horrek hil zaitu! Eta nahikoa dela diogu".
Arkaitz Bellonen gorpua goizean heldu zen Euskal Herrira, eta Otxandion egin zioten lehen harrera elorriotarraren gorpuari. Ostiral arratsaldean, 19:00etan, abiatu ziren Bellonen senitartekoak Cadiztik, goizean familiaren konfiantzazko medikuak autopsia egin eta gero.