Politika -
Igeldoko desanexioa
Bultzatzaileek auzitegia 'aurreiritzi batean' oinarritu dela esan dute
Bestalde, Igeldoren desanexioari buruz irekitako prozesu judizialean "jokoan" dagoena "erabakitze-eskubidea errespetatzea" dela nabarmendu du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak.
Erredakzioa
Igeldoko Herri Batzordearen eta Itxas Aurre elkartearen (Igeldo Donostiatik desanexionatzearen bultzatzaileak) ustez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoa "aurreiritzi batean" oinarrituta dago, eta "arrazoi juridikoak" falta dituela gaineratu du.
Bi elkarte horietako kideek prentsaurreko bat eman dute, Juan Landa Itxas Aurreko abokatuarekin batera. Azken horrek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoaren kontrako helegitea jarriko duela "noski" iragarri du. Auzitegiak atzo behin-behinean baliorik gabe utzi zuen Igeldo desanexionatzearen foru Aldundiaren erabakia.
"Prozesuan jarraituko dugu, orain inoiz baino gehiago, dagozkigun aldeko epaiak lortu arte, baita Madrilera joan beharra baldin badugu ere, gai hauek auzitegiak nola tratatzen dituzten ikusita", azaldu du Landak.
"Akatsa" den argitzea eskatuko dutela nabarmendu du, bere ustez, autoa Auzitegi Gorenaren aurrean kasazioan aurkeztu behar zaiolako helegitea.
Aldundia, "Igeldoko herritarren erabakia errespetatzearen" alde
Igeldoren desanexioari buruz irekitako prozesu judizialean "jokoan" dagoena "erabakitze-eskubidea errespetatzea" dela nabarmendu du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak. Halaber, erakundeak gai honetan "zuzen, legearekin eta erabakitze-eskubidearekin bat" jardun duela gaineratu du.
Ugartek azaldu duenez, Aldundia "Igeldoko herritarren erabakia errespetatzearen" alde agertu da berriro; azaroan eindako herri-kontsultak "argi" desanexioaren alde (botoen % 65,3) egin zuen, adierazi du. "Igeldotarrek erabakiko dute Igeldorekin zer egin", azpimarratu du.
Izagirrek herritarren nahia Igeldori buruzko akordioen gainetik jarri du
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ostegun honetan azaldu duenez, "akordioak onak dira" baina "oinarri demokratikoetan sostengatu" behar dute, eta, Bildurentzat, Igeldoko desanexioaren kasuan, oinarri hori Donostiako auzo honen "bizilagunen nahia" da.
Halaber, Izagirrek esan du EAEko Justizia Auzitegiaren erabakia "prozesu judizialean pauso bat gehiago" dela.
Urquijok esan du Igeldoren desanexioa "legearen barruan" egin behar dela
Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioa behin-behinean bertan behera uzteko hartu duen erabakiak agerian uzten du "hobe dela itxarotea eta gauzak ongi egitea, korrika eta presaka ibili eta hanka sartzea baino".
Urquijok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, auzitegiaren erabakia "zuzena" izan da, desanexioa, egitekotan, "legearen barruan" egin behar dela iritzita.