Politika -

Krisia Nafarroan

Manifestazioa deitu dute Iruñean, ustelkeria politikoaren aurka

Datorren larunbatean, izango da manifestazioa, Kontuz plataformak deituta. Pentsaera politikoen gainetik, hiritar guztiei egin diete parte hartzeko deia.

Kontuz plataformako kideak, gaur, Iruñean.
Kontuz plataformako kideak, gaur, Iruñean.
Kontuz plataformako kideak, gaur, Iruñean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontuz plataformak manifestazioa deitu du, datorren larunbaterako, Iruñean, "Nafarroako Gobernua, berriro, lokaztu duen ustelkeria" salatzeko; 17:30ean abiatuko da martxa, Golem zinema aretoetatik Sarasate pasealekura. Asteon, plataforma honek Lourdes Goicoechea Foru Erkidegoko Ekonomia kontseilariaren kontrako salaketa jarri du Auzitegi  Gorenean, Ogasunean eskua sartzen ahalegindu delakoan.

Javier Aiestaran Kontuzeko bozeramaileak jakitera eman duenez, eztabaida politikoetan sartzea ez da euren egitekoa, baina bai, gertatzen ari denaren aurrean, gizarteari ezinegona eta haserrea agertzeko aukera ematea.

Nafarroako gizarteak "protagonismoa" hartzeko ordua heldu dela gaineratu du Aiestaranek. "Ezin gaitezke albisteei begira geratu, erantzukizuna alderdi politikoen esku utzita".

Kontuz plataformaren irudiko, azken egunotako gertakariak ikusita, argi geratzen ari da Yolanda Barcinaren eta haren gobernuaren lehentasuna ez dela Nafarroa eta nafarren ahotsa entzutea. "Euren besaulkiak mantentzea dute helburu. Madrilera joan-etorrian dabiltza, itunak eta baimenak lotzen, nafarren etorkizuna haien esku utziz", gaineratu dute.

Larunbaterako deitu duten manifestazioa jendetsua izatea espero dute. Pentsaera eta sentimendu politikoen gainetik, herritar guztiak daudela manifestazioan parte hartzera deituta esan du Kontuz plataformak. Sindikatu eta eragile sozialen babesa ere eskatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea