Politika -

Estatutuen erreforma

Aurreko konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jarriko dute PP eta PSOEk

Konstituzionalaren sinesgarritasuna zalantzan jarri du EAJk, Auzitegiaren osaketa gehiengoa duten alderdiek erabakitzen dutelako. Erabakiak arazoak areagotzen dituela uste du Amaiurrek.

Estatutuen erreformei mugak jartzeko ekimena adostu dute PPk eta PSOEk

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak ontzat eman du Auzitegi Konstituzionaleko Lege Organikoa erreformatzea, autonomia estatutuen aurretiazko konstituziokontrakotasun-errekurtsoa berreskuratzeko, PSOEk eta PPk proposatu bezala. Espainiako bi alderdi nagusiek ez dituzte errepikatu nahi Kataluniako Estatutuarekin egindako akatsak.

1985ean indargabetu zuten figura juridiko horren bidez, estatutu baten erreforma indarrean sartzea geldiarazi daiteke, nahiz eta Diputatuen Kongresuak onartu, Auzitegi Konstituzionalak helegitea ebatzi eta araua babestu edo indarrik gabe utzi arte.

PPk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea, Alfonso Alonso, Kataluniako Estatutuarekin egindako okerra ez errepikatzearen alde agertu da, Kataluniako Parlamentuak eta Kataluniako herritarrek erreferendumean onartutako lege organikoaren inguruan zuen iritzia eman behar izan baitzuen orduan Konstituzionalak.

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak zalantzan jarri du Auzitegi Konstituzionalaren sinesgarritasuna, alde baten auzitegia dela iritzita, horren osaketa gehiengoa duten alderdiek erabakitzen dutelako, eta aurretiazko errekurtso bat jartzeko zilegitasuna duten bakarrak horiek direlako. "Politikagintzan antzerki gehiagorik ez, horrek urruntzen baititu herritarrak ordezkari politikoengandik", erantsi du.

Amaiur ere erreforma horren aurka azaldu da, Espainia nazio anitzeko estatua dela ez onartzeak eta autonomien aldeko jarrera ez izateak arazoak larriagotu egiten dituela uste baitu.

ERC, berriz, abstenitu egin da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea