Politika -

ETAren desarmea

Desarmera bidean, 'pauso handiagoak' eskatu dizkio Ortuzarrek ETAri

Bidean 'trabak' jarri beharrean Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearen eskariei jaramon egitea eskatu du EBBko presidenteak.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia. EiTB
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia. EiTB
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Argazkia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo "desiratu baino pauso txikiagoa" iragarri ondotik, behin betiko erabateko desarmera bidean "pauso handiagoak" eta irmoak eskatu dizkio Andoni Ortuzar EAJren Euskadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak ETAri. Halaber, garai berri hau "eragindako bidegabeko mina aitortzeko" baliatzea eskatu zion.

Bilbon egindako prentsaurreko batean, atzo Ram Mannikalingam Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko buruak egindako iragarpenari buruzko adierazpena irakurri du.

Desarmea helburu, ETAk armak erabili ezinik uzteko eta zigilatzeko prozesua hasi duela jakinarazi du zuen atzo Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak.

EAJren Exekutibak "denborarekin eta antzezpenekin" ez jokatzeko eskatu dio ETAri, eta Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeari, berriz, bakearen alde lanean jarraitzeko.

ETAk emandako pausoa, "lehen pausoa", positibotzat jo du Ortuzarrek eta aldebakarreko eta baldintzarik gabe hartutako erabakia izan dela azpimarratu du. Dena den, erabateko desarmera bidean "lehen pausoa" baino ez dela zehaztu du, eta hori dela eta, lehen pausoa, atzetik besterik ez badago, bere horretan ez dela nahikoa gaineratu du.

Halaber, "desiratu baino pauso txikiagoa" izan dela adierazi du. Pauso horren atzetik, berandu baino lehen, "erabateko eta behin betiko desarmera bidean, pauso handiagoak eta sendoagoak" eskatu dizkio ETAri.

Bestalde, "denborarekin eta antzezpenekin ez jokatzeko" eta desarmera bidean irekitako garai berri honetan "eragindako bidegabeko mina" aitortzeko eskatu dio.

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearen lanari oniritzia eman dio, eta hura osatzen duten kideei babesa eskaini die. Bide horretan, bakearen alde lanean jarraitzeko eskatu die egiaztatzaileei. Adierazpena irakurri ostean, bidean "trabak" jarri beharrean egiaztatzaileek egindako eskariei jaramon egiteko eta bide horretan laguntzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia Andoni Ortuzar argazkiak