Politika -
Epaiketa Madrilen
ANean epaitutakoek sakabanaketarekin bukatzea eskatu zutela esan dute
Fiskalak urtebete eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du bakoitzarentzat, Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, urtebete eta zortzi hilabete.
Erredakzioa
Gasteizko kalejira batean ETAko presoen argazkiak eramateagatik ETA goratzea leporatuta epaitzen ari diren 14 pertsonek esan dutenez, euren asmoa presoen sakabanaketarekin amaitzea eta euskal kartzeletara hurbiltzea eskatzea izan zen ekitaldi hartan.
Auzitegi Nazionalean ekin diote 14 akusaturen kontrako epaiketari, gehienak ETAko eta Segiko presoen senide eta lagun dira.
Fiskalak urtebete eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du bakoitzarentzat, Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, urtebete eta zortzi hilabete.
Zenbait akusaturen arabera, nahiz eta ETAko presoen argazkiak eraman zituzten, presoon senide eta lagun izateagatik egin zuten, eta ez ETA goratzeko; horrez gain, presoei bisita egiteko urtean milaka kilometro egiten dituztenei, ekartzen duen "duen arriskuarekin" eta gastuarekin, elkartasuna adierazteko egin zuten.
Fiskalak ETA goratzea leporatu die, 2012ko ekainaren 30ean, hiriburu arabarreko jaiak ospatzen ari zirela, kalejira batean ETAko presoen argazkiak eramateagatik eta horien aldeko oihuak botatzeagatik; akusatuek, ordea, euskal presoen eta iheslarien senideen aldeko eta sakabanaketaren kontrako ekitaldia izan zela azpimarratu dute.
Akusatuen deklarazioen arabera, kalejiran zenbait presoren argazkiak eraman zuten, esaterako, Maite Diez de Heredia, Txema Matanzas, Aitor Garcia Aliaga, Jose Ramon Martinez de la Fuente, Felix Alberto Lopez de la Calle, Juan Carlos Subijana Izquierdo eta Asier Bengoa ETAko presoen, Ekaitz Samaniego Segiko presoaren eta zenbait soslairen (errefuxiatuengatik) irudiak eraman zituzten.
Maria Jesus Aliaga akusatuetako baten esanetan, Aitor Garcia Aliaga bere semearen argazki bat eraman zuen baina, esan duenez, une horretan bera izan zen omendutakoa, eta ez bere semea. Hilero Euskal Herritik Jaenerako bidea egin behar duela esan du, eta pentsioduna eta alarguna da.