Politika -

Diputatuen Kongresua

Rajoyk EAJri eta Talde Mistoari egin beharko die aurre gaur eztabaidan

Espainiako Gobernuko presidenteak susperraldi ekonomikoa eta lana sustatzeko hartuko dituen neurriak azpimarratu zituen atzo, eta oposizioak kritika gogorrak egin zizkion.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EiTB
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Aitor Esteban EAJko bozeramaileari eta Talde Mistoa osatzen duten alderdietako ordezkariei (Amaiurrekoari, besteak beste) egin beharko die aurre Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioan, 09:00etatik aurrera.

EAJren hitzaldiaren eta Rajoyren erantzunaren ondoren, Talde Mistoko diputatuek hartuko dute hitza, eta 35 minutu izango dituzte denen artean banatzeko, PPk, azken hizlariak, hitza hartu aurretik.

Hala, Xabier Mikel Errekondo (Amaiur), Alfred Bosch (ERC), Pedro Quevedo (Coalicion Canaria-Nueva Canarias), Olaia Fernandez Davila (BNG), Joan Baldovi (Compromis), Uxue Barkos (Geroa Bai), Enrique Alvarez Sostres (Foro Asturias) eta Carlos Salvador (UPN) izango dira Talde Mistotik hitz egingo dutenak.

Eztabaidaren bigarren saioa amaitzen denean, Kongresuko taldeek ebazpen proposamenak aurkezteko epea irekiko da, 14:00ak arte.

Talde bakoitzak 15 proposamen aurkeztu ahal izango ditu, gehienez ere, eta 20:00ak arte sartuko dizkiete zuzenketak beste taldeen ekimenei.

Bihar, 10:00etatik aurrera, diputatuak berriro elkartuko dira Kongresuan, aipatu proposamenen inguruan eztabaidatzeko eta bozkatzeko.

Atzo

Rajoyz gain, atzo Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak, Josep Antoni Duran i Lleida CiUren bozeramaileak, Cayo Lara, Joan Coscubiela eta Chesus Yuste Izquierda Pluralen bozeramaileek, eta Rosa Diez UPyDren buruzagiak hartu zuten hitza.

Rajoyk neurri ekonomikoak iragarri zituen susperraldia egonkortzeko eta enplegua sustatzeko. Baina iragarpen horiek ez ziren oposizioaren gustukoak izan, eta Rubalcabak "triunfalismoa" eta desberdintasunak sustatzea leporatu zion.

Bestalde, Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen Kataluniako kontsultak ez duela etorkizunik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea