Politika -
Nafarroako Parlamentua
Batzordeak gaur aurkeztuko ditu Goicoecheari buruzko ondorioak
Barcinaren kontra zentsura-mozioa aurkezteko aukeraren inguruan galdetuta, Roberto Jimenez PSNren buruak esan du "zuhur" jokatu behar dutela eta ondorioak ezagutu arte itxaron.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Ogasunari buruzko ikerketa batzordeak gaur eztabaidatuko ditu Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goicoechea Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren kontra egin zituen salaketen inguruko ikerketaren emaitzak.
Parlamentuko taldeek 08:30 baino lehenago erregistratu beharko dituzte proposamenak, eta ikerketa batzordea osatzen duten 13 parlamentariek 11:00etan hasiko dute eztabaida. Ziurrenik gaur bertan onartu eta aurkeztuko dituzte ondorioak.
Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiaren, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen eta Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariaren adierazpenak entzun ostean hartuko du erabakia. Era berean, Juan Franco eta Maria Jesus Valdemoros Ekonomia departamentuko zuzendari nagusiek, Pedro Ugalde idazkari nagusiak eta Manuel Arana Ogasuneko Planifikazio eta Kontroleko zuzendari ohiak ere deklaratu zuten batzordean.
Batzordeko lehenengo agerraldia Idoia Nievesena izan zen, eta berretsi egin zuen Goicoecheak "esku hartzeak" egin zituela bere eremuan. Hala ere, kontseilariaren jarduna azaltzeko "ustelkeria" hitza ez zuela erabili adierazi zuen.
Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Ogasun eta Ekonomia kontseilariak ukatu egin zuten legez kanpoko ezer egin eta enpresa jakin batzuen mesedetan aritu izana.
PSNk, berriz, Barcinaren eta Goicoechearen adierazpenak fiskalari bidaltzeko eskatu du, kontseilariak influentzia-trafiko deliturik egin ote duen ebazteko.
Halaber, ikerketa batzordera "manipulatutako" posta elektroniko bat eramatea leporatu dio Barcinari, Roberto Jimenezek enpresa baten inguruan galdetu bazuen ere berak ere galdetu zuelako haren inguruan, eta "nahita" ezkutatu zuelako hori.
Barcinaren kontra zentsura-mozioa aurkezteko aukeraren inguruan galdetuta, Roberto Jimenez PSNren buruak esan du "zuhur" jokatu behar dutela eta ondorioak ezagutu arte itxaron.