Politika -
Erreakzioak
Jaurlaritza: 'Komunikatua ez da nahikoa, ekintzak behar dira'
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramalearen esanetan, "ez da denborarekin jolasean ibiltzeko unea. ETAren amaierarako bidean pausoak ematen jarraitzeko garaia da".
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalearen esanetan, ETAren azken komunikatua "bide onean dago, baina ez da nahikoa izan, ez baita hitzen unea, ekintzen unea baizik, eta hitzak ez dira nahikoa".
Bilbon egindako prentsaurreko batean adierazi duenaren arabera, "ekintzetarako momentua da eta ETAk ekintzak egin behar ditu, baldintzarik gabe eta itzulezinak; gainera, prozesua egiaztagarria eta egiaztatua izan behar da".
Horren ildotik, ohartarazi duenez, "ez da denborarekin jolasean ibiltzeko unea. ETAren amaierarako bidean pausoak ematen jarraitzeko garaia da". "Amaiera hori adostutakoa bada eta zehaztuta badago, halabeharrez bidegabe eragindako minaren aitorpena jaso beharko du", gaineratu du.
Josu Erkorekaren arabera, armagabetze prozesua "ahalik eta lehenen, atzeratu gabe hartu behar da eta aldebakarrekoa, baldintzarik gabekoa eta egiaztagarria izan behar da".
"Hori da Jaurlaritzak ETAri momentu honetan eskatzen diona. Ez da hitzen garaia, denborekin jolasean ibiltzeko garaia, ekintzen garaia da, eta euskal gizarteak eta Jaurlaritzak eskatzen dutena pausoak ematea da, hitzetatik ekintzetara pasatzea eta agindutakoa ahalik eta lehenen betetzea; alegia, armagabetze prozesua gauzatu dezala, egiaztatutako testuinguru batean, egiaztatzaile zilegi baten begiradapean eta lehenbailehen egin dezala, atzeratu gabe, ez baita hitzetarako unea, ekintzetarako unea baizik", esan du berriro ere.
"Betiko kontua", Espainiako Gobernuaren aburuz
Franciso Martinez Segurtasun Estatuko ordezkariak esan duenez, komunikatuarekin ETAk "beste gauza batera iristeko prozesua ireki nahi du", baina, ETArekin ez dago "trantsitziorik edo transakziorik, behar dugun gauza bakarra desegitea da".
Idazkariak ETAren komunikatuari garrantzia kendu dio eta "betiko kontua" dela esan du.
"Horrelako keinuak kontuan hartzea azalekoa da" eta, batez ere, nazioarteko ikuskatzaileen aurrean arma batzuk erabili ezinik uzteko prozesua hasi ondoren. Biktimentzako "ikuskizun iraingarria" da.