Politika -
Elkarrizketa
Ares: 'Egiaztatzaileek ETArekin amaitzen lagundu nahi dute'
"Estatu politika bat" eskatu dio PSEko Antolakuntza idazkariak Espainiako Gobernuari, "baina erantzukizuna ETArena da, armak laga eta behin betiko desegin behar da", erantsi du.
Eriz Lotina | eitb.com
Nazioarteko egiaztatzaileek bake prozesuan duten papera defendatu du gaur Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak. "Ez dira ETAren edo ezker abertzalearen esanetara dauden pertsonak, terrorismoaren garaiarekin amaitzen lagundu nahi dute", adierazi du.
"Nazioarteko pertsona ospetsuekin dudan harremanarekin zuhur jokatuko dut beti", esan du ordezkari sozialistak Radio Euskadi irratiko 'Ganbara' saioan, eta egiaztatzaileen lanaz ohartarazi du. "Nahiz eta pertsonak errespetatu, huts egin dezakete", adierazi du.
"Euren eskakizunak nahikoak ez direla esan diegu", azaldu du. "ETAk armagabetzea luzatu eta antzezlan bihurtu nahi du", kritikatu du Aresek.
Estatu politika
"Estatu politika bat" eskatu dio PSE-EEko Antolakuntza idazkariak Espainiako Gobernuari, "baina erantzukizuna ETArena da, armak laga eta behin betiko desegin behar da", erantsi du. "Armak egiaztatzaileei edo Elizari entregatzeko aukera du, ala herdoiltzen utz ditzake", gaineratu du.
"Helburua ETA desegitea da, eta zorrotz jokatzen jarraituko dugu", azaldu du politikari sozialistak. Egiaztatzaileei PSE-EEren eskutik egin dioten ekarpen nagusia horixe dela azpimarratu du.
"Nahaste-borrastea eta antzerkia"
"Nahaste-borraste batean gaude. ETAk armak entregatu nahi baditu, gordelekuen kokalekua egiaztatzaileei edo Elizari jakinarazi diezaioke, gero deuseztatzeko, baina antzerkia egin nahi du; hori da arazoa", erantsi du.
"ETA porrotera eraman dugu. Orain, egindako kaltea onartu behar du, eta urteetan babesa eman diotenek oker zeudela onartu behar dute", esan du. Azkenik, "zuhurtzia" eskatu dio Aresek Eusko Jaurlaritzari: "antzerki gutxiago eta zuhurtzia gehiago".