Politika -
Krisi politikoa Nafarroan
PPNk hitzordua bertan behera utzi eta PSNk erronda gaur amaituko du
Atzo Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrarekin elkartu ziren Nafarroako sozialistak eta gaur Aralarren txanda izango da.
Erredakzioa
PSNk gaur amaituko du oposizioko alderdiekin egiten ari den bilera erronda. Atzo Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrarekin elkartu ondoren, alderdi horien ordezkariek azpimarratu zuten Nafarroako sozialistek "konpromiso argia" erakutsi ziela Barcinaren aurkako zentsura-mozioa "aurrera eramateko". Hala ere, azken erabakia PSOEren zuzendaritzarekin batera hartuko dutela adierazi zuten.
Gaur Aralar-Nafarroa Bairen txanda izango da. PPNk hitzordua bertan behera uztea erabaki du eta agerraldia egingo du eguerdian, erabakiaren nondik norakoak azaltzeko.
Astearteko bilerak
PSNko zuzendaritzak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura-mozioarekin "konpromiso argia" duela esan zuen atzo Manu Aierdi Geroa Baiko bozeramaileak.
PSNko ordezkaritza Geroa Bairekin bildu zen. Sozialistek bilera-sorta deitu dute Yolanda Barcina presidentea kargutik kendu eta hauteskundeak behartzeko, baina ez dute Bildurekin bilerarik egingo. Sozialisten zuzendaritza taldean ere "egoera ezin daitekeela luzatu" uste dute, Aierdiren esanetan.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak, Samuel Carok eta Pedro Rasconek ordezkaritza sozialista osatu zuten bileran. Manu Aierdi eta Patxi Leuza Geroa Baiko parlamentariak izan zituzten mahaiaren beste aldean. Bilerak 45 minutuko iraupena izan zuen, eta Nafarroako Parlamentuan egin zuten. PSN Ezkerrarekin ere bildu zen.
"Arratsaldeko bileretan, Europako hauteskundeekin batera, maiatzaren 25ean, Nafarroako hauteskundeak aurreratzeko mekanismo politikoa bilatzeko PSNren konpromiso irmoa azaldu die ordezkaritza sozialistak Geroa Bairi eta Ezkerrari", azaldu dute sozialistek agiri batean.
PSOE
Bestalde, Oscar Lopez PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, Barcinarekin ez da "ez orain ez inoiz" bilduko. "Berarentzat urtebeteko luzapena irabaztearen truke" Nafarroa "luzaroan aulkira ez zigortzeko" eskatu dio Lopezek Barcinari.
Barcinaren jarrera kritikatu du Lopezek agiri batean. "Erantzukizun eza" egotzi dio sozialistak. Barcina Nafarroako krisi instituzionalaren "arduradun bakarra" dela esan du berriro PSOEko ordezkariak.