Politika -
Bakea Euskal Herrian
Prozesuaren aurka ez egiteko eskatu dio Basque Friendshipek Espainiari
Euskal gatazkaren konponbidearen aldeko europarlamentarien taldeak Arnaldo Otegi aske uzteko eta egungo kartzela politika aldatzeko eskatu du.
Erredakzioa
Euskal gatazkaren konponbidearen aldeko Basque Friendship taldearen iritziz, ETAk armak zigilatzeko eta erabileratik kanpo uzteko abiatu duen prozesua "oso garrantzitsua" da, eta prozesuaren kontra azaltzen ari den jarrera bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Bruselan eskaini duen prentsaurrekoan "Euskal Herriko bake prozesuaren baitan, eta, bereziki, ETAren desarmearen hasiera", izan du hizpide taldeak.
Aipaturiko eurodiputatuen iritziz, "ETAk emandako pausoa oso garrantzitsua da", eta hori dela eta, ulertezina dela uste dute Espainiako Gobernuak izandako erreakzioa.
"Espainiako eta Frantziako Gobernuek izandako erreakzioa ulertzen zaila da. Egiaztatzaileen Nazioarte Batzordeko kideek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuten, eta Frantziak beste horrenbeste egin zuen Harremanetarako Nazioarteko taldeko kideekin, Baionako Polizia etxean deklaratzeko deituz", gaineratu dute
Prozesuaren aurka azaltzen ari den jarrera bertan behera uzteko eskatu dio Basque Friendshipek Espainiako Gobernuari. Halaber, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabinete buruak eta Aario Suonio Ipar Irlandako Desarmatzeko Batzordeko Kabinete buruak esandakoa ekarri dute gogora, hots, ez dela desiragarria armagabetze prozesua Espainiako eta Frantziako Gobernuen inplikaziorik gabe egitea.
"Bake prozesu bat ezin da alde bakarretik egin, alde guztien inplikazioa behar-beharrezkoa da", azaldu dute Basque Friendshipeko kideek. Halaber, hiritarren parte-hartze aktiboa eta konpromisoa ere garrantzitsua dela adierazi dute: "Gizarteak behar du izan prozesua azkeneraino heltzeko bermea".
"Euskal presoei aplikatzen zaien kartzela-politika krudela" salatu dute eta "lehenbailehen aldaketak egiteko" eskatu dute. Halaber, gaixo dauden presoak libre uzteko, euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratzeko eta "arrazoi politikoengatik edo iritzi arrazoiengatik preso dauden pertsonak" askatzeko aldarrikatu dute.