Politika -
Bilera Bilbon
Segurtasun Batzordea deitzeko akordiorik ez dute lortu
ETA behin betiko desegin arte Gobernuak ez du polizia kopurua murriztuko. Aurretiazko baldintza horrek akordioa "eragotzi" duela azaldu du Eusko Jaurlaritzak.
Erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Jorge Fernandez Barne ministroak bilera egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Bilbon. Segurtasun Batzordea deitzeko akordiorik ez dute lortu, Gasteizko Exekutiboak jakitera eman duenez.
Segurtasun Batzordean aztertu beharreko gai guztiak landu dituzte Beltran de Herediak eta Fernandezek bileran. Gai teknikoez gain, errealitate berriaren aurrean Estatuko Segurtasun Indarren egokitzapena Batzordean eztabaidatu behar dela berretsi du Segurtasun sailburuak.
Iaz, martxoaren 6an, bildu ziren azkenekoz bi agintariak, eta Segurtasun Batzordea deitzeko konpromisoa hartu zuten, baina orain arte ez dute datarik adostu.
Polizia kopurua
Gaurkoan ere ezin izan dute segurtasun organoa biltzeko datarik adostu; izan ere, ETA behin betiko desegin arte polizia kopurua murriztuko ez dutela aurreratu du Barne ministroak bilera hasi baino lehen.
Aurretiazko baldintza horrek akordioa "eragotzi" duela azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Lankidetzarako eta koordinaziorako gai teknikoagoak aztertzeko aukera izango dute Batzordean; izan ere, Barne Ministerioko eta Segurtasun Saileko ordezkariek horiek hobetzeko bilerak egin dituzte azken urtean.
Hala ere, elkarrizketa eta mahai teknikoak bultzatzen jarraitzeko borondatea azaldu dute bi agintariek.