Politika -

San Fermin 2014

Txupinazorik gabe uzteko erabaki 'sektarioa' salatu du EH Bilduk

"Arduragabekeria ikaragarri baten aurrean gaude", kritikatu du Eva Aranguren EH Bilduko bozeramaileak. UPNk "UPN bezala pentsatzen ez duen oro baztertzen du", erantsi du.

EH Bilduren Iruñeko zinegotziak. Argazkia: EFE
EH Bilduren Iruñeko zinegotziak. Argazkia: EFE
Bilduk ez du aurtengo Sanferminetako txupinazoa botako

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sanferminetako txupina EH Bilduko zinegotzi batek jaurti behar zuen aurten, Iruñean, idatzi gabeko ohiturari jarraikiz. UPNk, ostera, ardura Gurutze Gorriaren eskuetan uztea erabaki du. EH Bilduko zinegotziek UPNren erabakia "baztertzailea eta sektarioa" dela salatu dute.

"Arduragabekeria ikaragarri baten aurrean gaude", azaldu du Eva Aranguren Bilduko bozeramaileak. Enrique Maya alkatearen erabakia kritikatu dute Patricia Perales, Ana Barrena, Peio Martínez de Eulate eta Aritz Romeo zinegotziek prentsaurrekoan. Txupina jaurtitzeko ardura Iruñeko Gurutze Gorriaren eskuetan utzi du Udalak, erakundeak 150 urte bete dituelako.

"Legitimoki" Bilduk txupina jaurti behar zuela uste du Arangurenek, 2013an PSNk gauza bera egin ostean. Ohituraren arabera, Udaleko taldeek jaurtitzen dute ordezkaritzaren ordenari jarraituz. Arangurenen hitzetan, "hiri honetan bazterkeriari amaiera emateko ordua da".

"Ahultasuna eta ezintasuna"

UPNk "UPN bezala pentsatzen ez duen oro baztertzen du", gaineratu du Arangurenek. "Ahultasun politikoaren adibide bat da eta baita aniztasuna onartzeko ezintasunarena ere", erantsi du. "Honek ezin du horrela jarraitu, eta beharrezko aldaketa hori aurrera eramateko lan egingo du EH Bilduk", adierazi du.

"Arduragabekeria ikaragarria" dela errepikatu du Bilduko bozeramaileak. Arangurenen esanetan, "2014ko sanferminetako aurreneko erabakia sektarioa eta baztertzailea izatea burugabekeria da".

Gainera, UPNren "sektakeria" salatu du EH Bilduk. UPNk "kultura demokratiko eskasa" duela kritikatu du, hiria "kortijo partikular" bat bezala kudeatzen ari delako. Gurutze Gorria "helburu alderdikoiak lortzeko erabiltzea hanka-sartze larria" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea