Politika -
Gure Esku Dago
Gure Esku Dago ekimenak giza katea egingo du martxoaren 29an Bilbon
Ekainaren 8an Durango eta Iruña artean egingo den giza katearen atarikoa izango da.
Erredakzioa
Gure Esku Dago ekimenak giza katea osatuko du martxoaren 29an Bilbon, La Casillatik hasi eta Arte Ederren museoraino, eta 17:30ean ekitaldia egingo dute. Martxoaren 29ko ekitaldia ekainaren 8an Durango eta Iruña artean egingo den giza katearen atarikoa izango da.
Larunbat honetan giza esku erraldoia irudikatu dute Bilboko Arriaga plazan eta martxoaren 29ko giza katea iragarri dute. Itxaso Perez Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileak azaldu duenez, helburua aldarrikapena egitea izango da, eta baita "erabakitzeko eskubidea, eskubide demokratikoa praktikan jartzea ere".
"Erabakitzeko eskubidearekin ados egonik ere oraindik mugitu ez diren horiek aktibatu nahi ditugu, eta beren alorretik protagonista aktibo izatea nahi dugu", azaldu du. Halaber, "batzen gaituen eskubide demokratikoaren alde" lan egitera deitu ditu herritarrak.
Ekainaren 8an Durango eta Iruña arteko 123 kilometroak lotuko ditu Gure Esku Dago ekimenak, "milaka esku lotuz giza katean". "Herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagula aldarrikatuko dugu. Erabakia herritarroi dagokigu", nabarmendu du.
"Ekainaren 8ko giza katea ez da azken helmuga izango, are gehiago, erabakitzeko eskubidea aplikatzeko bidean abiapuntua izatea nahi dugu", amaitu du.