Politika -
Erabakitze eskubidea
Koaliziora batzeko deia egin dio EH Bilduk EAJri
Erabakizeko eskubidearen defentsan, Eusko Legebiltzarrean EH Bildurekin bat egin dezala eskatu die Pello Urizarrek jeltzaleei.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta EH Bildu koalizioko legebiltzarkideak dei zuzena egin dio gaur EAJri: "anbiguotasuna" alde batera utz dezala eskatu dio, eta erabakitzeko eskubidearen defentsan EH Bildura batu dadila Eusko Legebiltzarrean.
Donostian, gaur goizean, EH Bilduk deitutako ekitaldian egin ditu adierazpenok Urizarrek. "Herriek erabakitzen dute" lelopean, Bakartxo Ruiz koalizioko kideak ere hartu du parte, Urizarrekin batera. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Rufi Etxeberria eta Juan Jose Petrikorena ezker abertzaleko kideak, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea.
Erabakitze eskubidea erdigunean jarrita lan egin behar dela esan du Urizarrek, Legebiltzarrean autogobernurako lan-taldea osatu eta bi egunera. Bere hitzaldian, EAKo idazkari nagusiak gogora ekarri du EAJk eta EH Bilduk gehiengoa osatzen dutela Legebiltzarrean, eta horrenbestez, elkarrekin egin beharko luketela autodeterminazio eskubidea garatzeko bidea.
"Hitza eta erabakia" herritarren esku jartzea erakundeen lana dela esan du Urizarrek, eta EH Bilduk muga hori jarriko duela erabakitzeko eskubidea gauzatzeko estrategian.