Politika -

Krisia Nafarroan

Barcinak legealdia agortu eta Gobernuaren ildo nagusiak azalduko ditu

Nafarroako presidenteak ez ditu hauteskundeak aurreratuko. Izan ere, gaur bertan aurkeztuko ditu bere Gobernuaren egitasmo nagusiak datozen 14 hilabeteei begira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak gaurkoa du hauteskundeak aurreratu ahal izateko azken eguna, baina Yolanda Barcina presidenteak dagoeneko esan du ez dituela hauteskundeak deituko eta datorren urtera arte karguan jarraituko duela, gaur Diario de Navarra egunkariak jakitera eman duenez. Iturri horren arabera, Barcinak ez du datorren urtera arte Gobernuan aldaketarik egingo.

Barcinak esanahi berezia eman nahi izan dio gaurko egunari, eta legealdiaren atal berri baten hasiera irudikatu nahi du presidenteak, hauteskundeak aurreratzeko azken eguna duen honetan.

Asteazkenetako Gobernu Bilera gaur egingo du Exekutiboak, eta, bileraren ondoren, Barcina presidentea bera agertuko da kazetarien aurrean datozen hamalau hilabeteetarako dituen egitasmoak azaltzera.

Diario de Navarra egunkariak aurreratu duenez, ez da gobernu krisirik izango, Lourdes Goikoetxeak presidenteorde izaten jarraituko du eta talde osoari eutsiko dio Barcinak.

Nafarroako Alderdi Sozialistari (PSN) eskua luzatuko dio berriz ere Barcinak itunak egiteko, eta gai zehatzetan Gobernuari bere asmoak gauzatzen laguntzeko eskaera egingo dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea