Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Politikaren 'judizializazio sistematikoa' ukatu du Calparsorok
Horrela, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiak "sistematikoki judizializatzea" ukatu du Euskadiko fiskal nagusiak.
Eriz Lotina | eitb.com
Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiak "sistematikoki judizializatzea" ukatu du gaur Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak.
Calparsoro Radio Euskadi irratiko 'Ganbara' saioan elkarrizketatu dute. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramailearen kritikei erantzun die fiskal nagusiak. Adolfo Suarez eta Iñaki Azkunaren dolualdiak direla eta bandera haga erdian jartzeari uko egin zioten bi erakundeek eta Espainiako Gobernuko ordezkariak auzia Fiskaltzari igorri zion.
"Ez dut uste judizializatzen ari garenik, Fiskaltzaren barruan izapideei hasiera eman diegu", adierazi du EAEko fiskal nagusiak. "Ikerketa fase batean gaude, oraindik ez dugu auzia epaitegira eraman", azaldu du. "Aukezten den edozein salaketa erregistratzeko betebeharra dut, ondoren artxibatzea edo auzitara eramatea beste kontu bat da", erantsi du.
"Aldundiari eta Udalari txosten bana eskatuko diet", adierazi du Calparsorok. Irregulartasun edo delitu zantzurik aurkitzekotan prebarikazioa izango litzatekeela esan du fiskal nagusiak, baina kasua aurretik epaitzea saihestu du.
Hasier Arraiz Sortuko presidenteak egindako adierazpenen kasua ezberdina da, Calparsororen arabera. Terrorismoaren biktimen elkarteek adierazpenak salatu zituzten. Auzia "fase judizialean" dagoela zehaztu du fiskal nagusiak, eta delitua terrorismoa goratzea izango litzatekeela gaineratu du.