Politika -
Donostia 2016
Bilduk eta oposizioak bat egin dute Itziar Nogeras kargutik kentzeko
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak "harrituta eta minduta" dagoela Nogerasek bere kargua Patronatuaren esku uzteko erabakiarekin, "batik bat egiteko moduagatik".
Erredakzioa
Donostiako Udalean, Bilduk eta oposizioko alderdiek bat egin dute Itziar Nogeras Donostia 2016 proiektuko orain arteko zuzendari nagusiak karguan jarraitu ez dezan.
PSE-EE alderdiak egin du Itziar Nogeras kargutik kentzeko proposamena gaur Donostiako Udalean egin den Bozeramaile Batzordean. Atzo, Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari nagusiak bere kargua mahai gainean jarri zuen Europako Kultura Hiriburuaren Patronatuko bileran. Patronatua osatzen duten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak erabakia berriz hausnartzeko eskatu zioten Nogerasi.
Donostia 2016ko buruak atzera egingo balu ere, Nogerasek zuzendari karguan ez jarraitzea eskatu dute Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek.
Donostiako Udalak aho batez onartu du PSE-EEren proposamena, baina orain Fundazioko Patronatuari dagokio erabakia hartzea, Nogerasek karguan jarraitzea erabakiko balu.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea "harrituta eta minduta" agertu da, batez ere, Nogerasek "alde egiteko" izan duen moduagatik. Nogerasen izendapenak eztabaida handia piztu zuen, izan ere, hautagaiak aukeratzeko lehiaketa publikoa deitu aurretik, kargua lortu zuela esanez mezu elektroniko bat bidali zuen.
Gaurko Bozeramaileen Batzordeak Izagirre alkateak azalpenak eman dizkie oposizioko alderdiei. Ramon Gomez PPk Donostiako Udalean duen bozeramaileak azaldu duenez, "Nogerasek bere kargua utzi nahi du ez ziotelako kudeatzen uzten, ez ziotelako berak eskatutako diru-kopurua eta langileak eman eta ez zuelako babesik sentitzen".
Bestalde, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak asteazken honetan aitortu duenez, "ustekabean" harrapatu du Itziar Nogeras Donostia 2016 proiektuaren zuzendari nagusiaren iragarpenak, baina erakundeek proiektuarekin aurrera egiteko apustua egin dutela nabarmendu du.
Nogerasen iragarpenaren ondotik Patronatuak bilera egingo du apirilean, eta "orduan ikusiko dugu zer aldaketa egin behar diren edota hautaketa prozesu berria egin behar den", gaineratu du sailburuak.
"Ustekabeko" dimisioa
Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari nagusiak bere kargua mahai gainean jarri zuen atzo Europako Kultura Hiriburuaren Patronatuko bileran.
Nogerasek ezustean prentsaurrekoa deitu zuen atzo 14:00etarako, baina lau ordu geroago eta zenbait atzerapenen berri eman ostean, azkenean ez zuen agerraldirik egin.