Politika -

Bikoiztasunen lantaldea

Erkoreka: 'Espainian egonda, ezin liteke erakunde eredu idealik egin'

Eusko Jaurlaritzak ez du baztertu Lurralde Historikoen Legea erreformatzea, erakundeen funtzionamendua hobetzeko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. EiTB
Erkoreka: 'Espainia barruan, ezinezkoa da erakunde eredu egokia'

1:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi duenez, "ezin liteke Euskadirako erakunde eredu ideala diseinatu, Espainiako Estatuaren mende egoteak baldintzatu egiten baitu antolakuntza".

Nolanahi ere, Erkorekak ez du baztertu Lurralde Historikoen Legea (LHG) zati batean erreformatzea, euskal erakundeen funtzionamendua hobetzeko.

Erkorekak Eusko Legebiltzarrean mahaigaineratu ditu hausnarketa horiek, euskal erakundeen arteko bikoiztasunak aztertzeko lantaldean.

Saioa ateak itxita egin dute, baina Jaurlaritzak Erkorekaren hitzaldia banatu du, eta bozeramaileak berak prentsaurrekoa egin du.

Erkorekaren esanetan, Euskadin ezin da erakunde eredu ideala "askatasun osoz" diseinatu, ez dago "orri zuriaren estrategia" erabiltzeko modurik.

"Orria idatzita heltzen da Madrildik, eta sistemak, gehienez jota, tarte zuriak betetzea ahalbidetzen digu", deitoratu du.

Izan ere, Erkorekak azaldu duenez, Euskadiren erakunde sistema "Espainiar Estatu osoa hartzen duen beste sistema zabalago baten azpi-sistema politiko eta instituzionala da". Eta horrek "izugarri baldintzatzen du "Euskadiko udal, lurralde eta autonomia mailako administrazioen diseinua, bai antolakuntzari bai zereginei dagokienez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea