Politika -
Kontsulta
Beste galdera bat eta beste data bat negoziatzeko prest dago CiU
Hala ere, Jordi Turull CiUk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak argi adierazi du kontsulta egiteari ez diotela uko egingo.
Erredakzioa
Jordi Turull CiUk Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak esan du kontsultaren sustatzaileak prest daudela beste data bat eta beste galdera bat negoziatzeko, baina kontsulta egiteari uko egin gabe.
Turullek argi adierazi du zer gertatu beharko litzatekeen azaroaren 9ko kontsulta bertan behera uzteko: "Galdera eta data proposamen bat egin behar digute, orduan, negoziatuko genuke, baina akordiorik ezean, deialdiari eutsiko diogu".
Hori horrela, azpimarratu du ez dutela atzera egingo Diputatuen Kongresuak gaur arratsaldean elkarrizketarako proposamen orokor bat eginez gero.
Turullek Ser irrati katean azaldu duenez, kontsulta deitzeko eskumena Kataluniari ematea zen Generalitateak kontratatutako adituentzat aukera onena: "Proposamen horrek aurrera egiten badu, beharrezkotzat jotzen diren hobekuntzak eginda, akordioa bilatzeko prestasuna erabatekoa izango da, baina kontsultari uko egin gabe".
Kongresuak onartzen ez badu, baina, Kataluniako Parlamentuak aurrera jarraituko du, eta kontsultak deitzeko lege kataluniarra egingo dute, azaroaren 9an kontsulta egiteko. "Bitartean", eta "azken unera arte", "Estatuarekin akordioa egiteko prest" egongo omen dira.