Politika -
Kataluniako herri-galdeketa
Zein izango da Artur Masen hurrengo urratsa?
Artur Masek behin eta berriro esan du: Kataluniako Gobernuak bere horretan jarraituko du eta ez du azaroko galdeketa bertan behera utziko, nahiz eta Kongresuko gehiengo zabal batek “ezetza” eman.
Erredakzioa
Artur Masek behin eta berriro esan du: Kataluniako Gobernuak bere horretan jarraituko du eta ez du azaroko galdeketa bertan behera utziko, nahiz eta Kongresuko gehiengo zabal batek “ezetza” eman.
Izan ere, Generalitateko Kanpo Gaietarako sailak apirilaren 3an ohartarazi zuen galdeketaren aurrera jarraituko dutela. Horrez gain, Kataluniako Estatutuaren 122. artikuluak “Kataluniako erakundeei galdeketa deitzeko ahalmena ematen" diela nabarmendu zuen.
Horrenbestez, Madrilgo “ezetza” jaso ondoren, Kataluniako Gobernuak galdeketak deitzeko lege propioa onartzea aurreikusi du. Hala ere, litekeena da Espainiako Gobernuak lege horren aurkako helegitea jartzea.
2008. urtean, Eusko Legebiltzarrak Galdeketa Lege propioa onartu zuen, baina PPren Gobernuak errekurtsoa jarri eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, “Estatuarenak diren eskumenak urratzen zituela” argudiatuz.
Beste aukera bat, 2016. urtean plebiszitu-hauteskundeak deitzea litzateke. Horien bitartez, herritarrek “gai politiko zehatz” baten inguruan bozkatuko lukete.
Mota horretako hauteskundeak deitzea Trantsizio Nazionalerako Kontseilu Aholkulariak (Kataluniako Gobernuak otsailean sortutako kontsulta organo bat) proposatutako alternatibetako bat da.
Balizko plebiszitu-hauteskunde batzuetan, Kataluniako alderdi bakoitzak independentziaren inguruan euren jarrera adierazi beharko lukete.
Hauteskunde mota honekin, kataluniarrek Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremanak nolakoa izan behar duen erabaki ahalko lukete.
Alderdiek independentziaren aldekoak edo aurkakoak diren zehaztu beharko lukete, eta, aldekoek irabaziko balute, baliteke Parlamentuak aldebakarreko adierazpena egitea independentzia aldarrikatzeko.