Politika -
GALeko biktimak
Barne Ministerioa:'ETAren ingurukoak izateagatik ukatu dira laguntzak'
Guztira, GALeko 46 biktimari ukatu dizkie kalte-ordaina Barne Ministerioak, Europako Hitzarmena oinarri hartuta.
Erredakzioa
Barne Ministerioak GALeko 46 biktimari ukatu dizkie kalte-ordainak, asteazken honetan Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Diputatuen Kongresuan azaldu duenez. Ministroaren hitzetan, '' ETAren ingurukoak izategatik'' ukatu dizkiete laguntzak.
Zehazki, Terrorismoaren Biktimen Babeserako eta Aitorpenerako Legea izan du Fernandez Diazek hizpide, eta lege horretan egindako aldaketa aipatu du. Hala, ministroak azaldu duenez, 2013ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen bidez, aldaketa egin zitzaion biktimen babeserako legeari, artikulu berria gehituta. Hala, artikulu horretan biltzen denez, ''laguntzak esleitzerakoan indarkeria delituen biktimen laguntzen inguruan Europako Hitzarmenaren printzipioak izan dira oinarri''.
Horri lotuta, ministroak zera azaldu du: hitzarmen horren 8. artikuluan jasotzen dena aintzat hartuta, kalte-ordaina murriztu edo ken daiteke, baldin eta biktima edo laguntza-eskatzaileak antolatutako delinkuentzian parte hartu baldin badu edo indarkeria delituak egiten dituen erakunde baten kide baldin bada.
''Europako hitzarmen hori oinarri hartuta, 46 pertsonari ukatu zaizkie laguntzak, legea indarrean dagoenetik. Pertsona horiek ETAren mundukoak ziren'', esan du ministroak Kongresuan, Maite Aristegi Amaiurreko diputatuaren galdera bati erantzunez.
Baztertu egin dute biktimen inguruko EAJren mozioa
Bestalde, Senatuak baztertu egin du EAJk biktimen diskriminazioaren inguruan aurkeztutako mozioa. Jeltzaleen ekimenaren asmoa ETA ez den beste erakunde batzuek egindako atentatuen biktimak ez diskriminatzeko eskaera egitea zen (besteak beste GALen eta Batallon Vasco Españolen biktimak).
Izan ere, Jokin Bildarratz EAJko ordezkariaren ustetan, Barne Ministerioak diskriminatu egin ditu ETA ez den beste erakunde batzuen biktimak, pertsona horiek ETAko kide direla edo ETAren ingurukoak direla iritzita, eta hori frogatzen duen epai irmorik gabe.