Politika -
Kirol selekzioak
'Legeak ez die galarazten euskal selekzioei nazioartean parte hartzea'
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasuna eta horren bideragarritasun juridikoa aztertzen dituen txostena aurkeztu du.
Erredakzioa
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak ostegun honetan adierazi duenez, ''Espainiako legediak ez du debekatzen euskal kirol selekzioen nazioarteko ofizialtasuna". "Ez dago Espainiako ordenamendu juridikoan, ez Europakoan, eta ezta nazioartekoan ere, euskal federazioen nazioarteko dimentsioa eta proiekzioa debekatzen edo galarazten duen aginduzko araurik", gaineratu du.
Euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasuna eta horren bideragarritasun juridikoa aztertzen dituen txostena aurkezteko jardunaldia egin dute ostegun honetan Bilbon, "Euskal selekzioen ofizialtasuna: bideragarritasun juridikoa eta hurrengo pausoak" lelopean. Bertan parte hartu du Redondok. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egindako txostena da eta , aurkezpen horretan, kirol arloko eragile eta federazioetako ordezkariak izan dira.
Gazteria eta Kultura zuzendariak hitzaldiaren hasieran gogorarazi duenez, euskal selekzioen nazioarteko ordezkaritza "euskal herritarren aldarrikapen historiko bat da". Horregatik, "Eusko Jaurlaritzan euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasuna nahi dugu, eta uste dugu, aitortza hori Estatu espainiarraren barneko normaltasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren erakusle izango litzatekeela, beste Estatu askotan gertatzen den legez", azpimarratu du.
Jaurlaritzaren asmoak
Halaber, Jaurlaritza euskal kirolaren nazioarteko ordezkaritza lortzeko aztertzen ari den bideak zeintzuk diren azaldu du Kirol zuzendariak. "Asmoa da nazioartean dauden bideak aztertzea, Espainiako federazioek plantea ditzaketen beto edo blokeo horiek gaindu ahal izateko".
Batetik, Redondoren hitzetan, euskal federazio batek edo batzuek, dagokien nazioarteko federazioan kidetza eskatzeko aukera aurreikusten da. "Ezezkoa etorriko balitz, TAS erakundearen aurrean helegitea aurkezteko aukera aztertu (Suitzan egoitza duen Kirol Arbitraiarako Epaimahaian)".
''Bestetik, Europako erakundeetara jotzea debate juridikoarekin. Europako Batzordera, Luxenburgoko Auzitegira, eta baita Europako Parlamentura ere, eta nazioarteko kirol ekitaldietan parte hartzeko eragozpen horrek oinarri juridikorik ba ote duen planteatu, edo bestela, Europako Batasuneko tratatuetan aurreikusten diren askatasunen kontrakoa ote den galdetu", azaldu du.
Estaturik gabeko hainbat naziok dute selekzioa
Jaurlaritzak adierazi duenez, egun estaturik gabeko 49 nazio daude munduan era ofizialean nazioarteko lehiaketatan parte hartzen duten selekzio bat edo bat baino gehiago dituztenak. "Guk zergatik ez?" galdetu dio bere buruari Gazteria eta Kirol zuzendariak.