Politika -

Ekitaldia Gasteizen

Quiroga: 'Euskal herritarrak ez dira arazo Espainiarentzat'

Euskadiko PPren presidenteak EAJren subiranotasun planak kritikatu ditu, eta "Euskadik Espainian errealitate berri bat izatea" defendatu du.

Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentea, Gasteizko ekitaldian. Argazkia: EFE
Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentea, Gasteizko ekitaldian. Argazkia: EFE
Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentea, Gasteizko ekitaldian. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak adierazi duenez, "euskal herritarrak ez dira arazo Espainiarentzat, eta ez dira izango, mundua ez doalako abertzaleek nahi duten lekutik".

Quirogak EAJren subiranotasun planak kritikatu ditu, PPk Aiaraldean egin duen eskualdeetako kongresuaren seigarren edizioko amaiera ekitaldian. Han izan da Alfonso Alonso ere, PPren Kongresuko bozeramailea eta Arabako PPren presidentea.

"Euskadik Espainian errealitate berri bat izatea eta Europan indartsu egotea" defendatu du Quirogak, eta "planteamendu separatistak aldenduta", PPk euskal herritarren interesak Europan defendatu ditzakeela gaineratu du.

Euskadin "gorrotoa uxatzea” eta etorkizuna "askatasun osoz" eraiki ahal izatea espero duela esan du Euskadiko PPren presidenteak.

ETAren biktimak Euskal Herrian demokrazia berreraikitzeko "abiapuntua" izan behar direla azaldu du Quirogak; izan ere, "demokrazia egiarekin bakarrik hazi eta sendotu daiteke".

Ildo beretik hitz egin du Alfonso Alonsok. EAJren "desafio" subiranoaren aurrean, PPk "sendo eta indartsu" egon behar duela adierazi du, eta "Ibarretxe plan berririk" nahi ez duen eta etorkizuna bizikidetzaren baitan eraikitzen jarraitu nahi duen gehiengoari dei egin behar diola.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea