Politika -
Inkesta
EAJk Bizkaiko botoen % 40 eskuratuko lituzke, eta EH Bilduk % 22
Bizkaiko foru hauteskundeak gaur egingo balira, EAJk jasoko lituzke boto gehien (%39,8), eta ondoren, EH Bilduk (%22,3), PSE-EEk (%16,6) eta PPk (%10,5).
Erredakzioa
Bizkaiko foru hauteskundeak gaur egingo balira EAJ izango litzateke irabazlea, botoen %39,8rekin eta 24 ahaldunekin, egun dituztenak baino bi gehiago. Bigarren alderdia EH Bildu izango litzateke, eta hirugarren eta laugarren PSE-EE eta PP, hurrenez hurren.Horiek dira Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko egoera soziopolitikoari buruz egin duen azterketaren datuetako batzuk. Bizkaiko gizartearen iritziari eta jokabideari buruzko diagnostiko bat izan da, non gaur egungo baldintza soziopolitiko batzuk aztertu diren. Martxoaren 12tik 20ra arte egin da, eta 1.600 elkarrizketa telefoniko egin zaizkie Bizkaiko lau hauteskunde barrutietako biztanleei (475 Bilbokoan eta 375 Ezkerraldea-Enkarterrikoan, Durango-Arratiakoan eta Busturia-Uribekoan).Bizkaiko foru hauteskundeak gaur egingo balira, EAJk jasoko lituzke boto gehien (%39,8), eta ondoren, EH Bilduk (%22,3), PSE-EEk (%16,6) eta PPk (%10,5); %5etik behera lortuko lukete Ezker Batuak, Ezker Anitzak eta UPyDk; abstentzioa, berriz, %30,9 litzateke.Datu horiek kontuan hartuta, 2015. urtean honela geratuko litzateke Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkarien banaketa: EAJk 24 ahaldun (gaur egun 22 ditu), EH Bilduk 13 (12), PSE-EEk 9 (9) eta PPk 5 (8). Gainerako indar politikoak Bizkaiko ganberatik kanpo geratuko lirateke.Bestalde, euskal alderdi politikoen balorazioari dagokionez, datuen arabera, EH Bildu, PSE eta PP alderdiek "gutxiegi" lortu dute, eta EAJk "gainditua", foru erakundearen arabera, "herritarren eta Bizkaiaren interesak ondoen defendatzen dituen partidutzat jo baitute inkestatuek".Bestalde, 2015. urteko udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean, inkestatuei galdetu zaie zein alderdik nahi duten irabaztea, eta %32,8k erantzun du EAJk, %13,1ek %EH Bilduk, %3,9k PSE-EEk eta %0,8k PPk.Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari buruzko iritzia eskatuta, balorazio "positiboa" lortu du kontsultatutako alderdi guztietan, hau da, Bizkaiko interesen defendatzaile gisa (6,25), zintzotasuna (5,89), etorkizuneko sena (5,77), eraginkortasuna kudeaketan (5,59) eta herritarrekiko hurbiltasuna (5,46).Ordezkari politiko eta instituzionalei buruzko balorazioan, nota hauek eman dituzte Bizkaiko herritarrek: 1,91, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eta 5,52 Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.