Politika -
Andaluzia
PPk Susana Diazen agerraldia eskatu du, trebakuntza funtsen harian
Andaluziako presidenteak "aurpegia eman eta azalpenak eman behar ditu", alderdi popularreko kideen ustez. Horrez gain, barne-ikerketa bat abian jartzea eskatu dute.
Erredakzioa
Andaluziako PPk Susana Diaz Gobernuko presidentearen "premiazko" agerraldia exijitu du, trebakuntza ikastaroen ustezko iruzurraren inguruko azalpenak emateko. Ikastaroak Andaluziako Gobernuak antolatzen zituen, langabeei zuzenduta.
Juan Manuel Moreno Andaluziako PPko liderraren arabera, ustezko iruzurraren informazioak konfirmatuz gero, "milaka andaluziarri aukerak eta ametsak lapurtzen" aritu direla konfirmatuko litzateke.
Gauzak horrela, ustezko iruzurra ikertzen ari diren erakundeekin elkarlanean aritzeko eskatu dio Diazi. Moreno ziur da Andaluziako presidenteak azalpenak emango dituela "aurpegia eman eta lasaitasuna eman behar duelako". "Koherentziaz hori egin beharko luke; nik neuk egingo nuke Gobernuko presidentea banintz".
Iruzurra konfirmatuz gero, gauza "oso larria" eta "oso tristea" izango litzateke; "pisu handiko erabaki politikoak hartu beharko lirateke". Ondorioz, Susana Diazi "txosten guztiak ateratzeko" eskatu dio.
Ikerketa, 2013ko maiatzetik
Bestalde, Malagako Ustelkeriaren aurkako Fiskalak 2013ko maiatzetik darama langabeentzako formazio funtsen ustezko iruzurra ikertzen, ikerketa iturriek Eferi jakitera eman dietenez.
Ministerio Publikoak aurretiazko ikerketa eginbeharrak ireki zituen. Horiek Hamazazpi enpresa pribatutan oinarritzen dira, akademietatik masaje eskoletaraino, "hezkuntza eta heziketa jarduera" azaltzen den helburu sozialarekin.
Malagan ikerketa 2010ean bi milioi euroren truk egindako laguntza publikoekin hasi zen.
Barne Ministerioak ukatu egin du ikerketa filtratu izana
Barne Ministerioak "kategorikoki" ukatu egin du ustezko irregulartasunei buruzko ikerketaren inguruan informazioa filtrate izana, PSOEk eta udalbatzarrak salatu duten moduan.