Politika -
'Euskadi Pregunta'
Hasier Arraiz: 'ETAk pauso gehiago eman behar dituela uste dugu'
'Euskadi pregunta' saioan da EH Bilduko legebiltzarkidea, 25 euskal herritarren galderei erantzuteko.
E.A.| E.L. EITB.COM
''ETAk pauso gehiago eman behar dituela uste dugu, desarmearen bidean'', esan du astelehen honetan Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak ETBko 'Euskadi Pregunta' saioan.
EH Bilduko ordezkari gisa, 25 herritarren galderei erantzun die Arraizek. Bakegintzaz galdetuta, pauso garrantzitsuak eman direla esan du, baina oraindik ere pausoak ''modu ordenatuak'' emateke daudela gaineratu du-
''Errealitateak egunero erakusten diguna zera da: pauso bat ematen den bakoitzean Espainiako Gobernuak beste pauso berri bat asmatzen du, aurrera ez egiteko. Egun, presoen eskubideak urratzen dira, eta hori konpondu egin behar da, ETArekin gertatzen dena gertatzen dela''.
EH Bildu sortu zenean, jarrerak edo ''formak'' oso garrantzitsuak zirela argí zutela adierazi du Arraizek. ''Hasieratik EH Bildu irmo gertu da indarkeriaren kontra, datorren lekutik datorrela, eta giza eskubideen alde'', esan du.
Europar Batasunarekiko koalizioak interesek duen galdetuta, Arraizek baietz esan du. Hala ere, ''erabat kritiko'' agertu da EBren egiturarekin eta funtzionamenduarekin. ''Egun ez dugu erabaki balizko euskal estatu independiente bat Europar Batasunean egon behar duen''. ''Europan bai'', gaineratu du.
Bestalde, Arnaldo Otegi goraipatu du Arraizek. Ezker abertzaleko ordezkariaren ahotan, "Otegi ordezkaezina da". "Euskal politikagintzan paper erabakigarria izango du", azpimarratu du. "Euskal Herri burujabe baten lehendakaria izatea gustatuko litzaidake", erantsi du. "Bateragarriak gara", defendatu du.
Borroka armatua
ETAk borroka armatuaren alde egindako apustuan "asmatu" ote zuen erantzuterik ez duela esan du Arraizek; "ezinezkoa da" atxilotuko luketelako. Hala ere, etorkizunean gaiaren inguruan "askatasunez" hitz egiteko aukera izatea espero du.
Gainera, ezker abertzalearen barruan "indarkeriara itzultzea" nahi duen korronte kritikorik ez dagoela "irmo" defendatu du Sortuko ordezkariak.
Duela 35 urte ETAk borroka armatuaren eta ezker abertzaleak "estrategia politiko-militarraren" aldeko apustua egin zutenean "asmatu" ote zuten galdetu diote herritarrek Arraizi. "Baietz erantzutea ezinezkoa da", Poliziaren auto bat "atxilotzeko" kalean gertu izango lukeelako, azaldu duenez.
"Hala eta guztiz ere, herri honetan noizbait eztabaida hori askatasunez egin ahal izatea gustatuko litzaidake", gaineratu du.
Erabakitzeko eskubidea
Oro har, bakerako bide orri bat aurrera eramatea "zaila" dela uste du Arraizek, "bidean trabaturik geratzeko arriskua dagoelako". "Puzzle baten zatiak" lortzearen aldeko apustua egin du EH Bilduko legebiltzarkideak, "erabakitzeko eskubidearen puzzlea osatzeko".
Horretarako, "Nafarroan aldaketa politiko eta soziala" beharrezkoa dela uste du Sortuko ordezkariak, "nafarrek erabakitzeko". Era berean, euskal lurraldeen arteko harremanak aldatzea beharrezkoa dela esan du. Arraizen hitzetan, "lankidetzarako organo betearazleak eta legegileak sortu behar dira integrazio nazionalean aurrera egiteko". "Erabakitzeko eskubidea gakoa da", adierazi du.
Guardia Zibilaren operazioa
Guardia Zibilak gaur 21 pertsona atxilotu ditu terrorismoa goratzea leporatuta. Sortuko presidentearen esanetan, operazioa "aurrekari arriskutsu bat da".
Atxiloketak "adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat dira", gaineratu du. "Polizia eta guardia zibil asko lanik gabe geratu dira Euskal Herrian zabaldutako fase politiko berrian, eta batzuek lana bilatzen ari dira lanik ez dagoen tokian", salatu du.
Zentzu horretan, egoera honetan Polizia Nazionalean eta Guardia Zibilean "lana erregulatzeko espedientea" egin behar dela uste du.
Ekonomia
Politikari gehienen eta bankuen diskurtso ekonomikoa kritikatu du Arraizek. "Batzuek adierazpen goxoak egiten dituzte, baina Gobernuan daudenean esandakoaren guztiz kontrakoa egiten dute", azaldu du.
"EH Bildu Europatik datozen aginduei aurre egiten ari zaie", nabarmendu du. "Guztien artean bankuak erreskatatu ditugu, eta beraiek lapurtzen jarraitzen dute", salatu du.
Kutxabank
Bestalde, PPren, EAJren eta PSEren diskurtso publikoa kritikatu du Sortuko presidenteak. Kutxabank osatzeko lortu zuten akordioa "urratzen" ari direla salatu du Arraizek. "Kutxabanken gertatzen ari denaren erantzukizun politikoak argi daude, baina salatzeko garaian harresi informatibo bat izan dugu aurrean", azaldu du. Sozialistek, jeltzaleek eta PPk "Eusko Legebiltzarrean gauza bat esaten dute, eta beste bat bozkatu Kutxabankeko batzarretan", Arraizen esanetan.
"Oso kritikoak gara egiten ari direnarekin, lapurreta bat da", salatu du. "Kutxabankek etxegabetzeen bitartez jendea kalean uztea krimena da", erantsi du. Ezker abertzaleko ordezkariaren hitzetan, "etxegabetze bakar bat egitea barkaezina da, etxegabetzeei babesa ematen dieten alderdiek ordaindu beharko lukete".
Euskara
Azkenik, Sortuko presidenteak euskararen erabilera defendatu du: "Euskara ikasi nahi ez izatea ateak ixtea da. Guztien hizkuntza eskubideak errespetatu behar ditugu".